Komunikazioa

'Sautrela'-k eman du berea

Igandean amaituko da ETBko 'Sautrela' literatur saioa, 12 urtean 351 atal egin ostean. 2012. urtean bakarrik 13 atal egiteko dirua zegoela adierazi zuen ETBko zuzendaritzak otsailean.

Ramon Saizarbitoria idazlea izango da Sautrela saioko azkeneko gonbidatua, igandean. YOLANDA MENDIOLA.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Euskara da gure territorio libre bakarra», Joseba Sarrionandiak esana. Eta territorio libre gutxi ditu euskarazko literaturak bere hitzak herritarrei zabaltzeko. Letren errepublika bat bizirik egon da euskarazko telebista publikoan euskal idazleei hitza ematen. Hamabi urte iraun du. Diru faltaren aitzakian, ETBko zuzendaritzak desagerraraztea erabaki duen arte. «Hori da arrazoi bakarra. Ekonomikoa», esan zuen otsailean Joselu Blanco ETBko programazio buruak. Arrazoia hori izan zein ez, kontuan hartu behar da Sautrela-ren aurrekontu txikia. Azkeneko denboraldian ETBko lau langile izan dira saiorako lanean, Orio Produkzioak ekoizpen etxeak kontratatutako bi erredaktore-gidoilarirekin batera. Erreportajeak eta platoko elkarrizketak. Halako saio merkeagorik nekez topa daiteke ETB2 katean.

Azken denboraldiak 13 atal izan ditu. Baina, aurretik, udazkeneko literatur sortak ez zuen tarterik izan ETB1en. Urtaro horretan ez baitzen programa egin. Saio berezi bakar bat, Durangoko Azokaren bezperetan, mahai inguru mamitsu bat.

Udaberriko literatur uzta dator orain. Eta literatur zaleek telebista publikoaren bitartez ezingo dute Pello Lizarralderen ahotsa entzun bere nobela berriaz hitz egiten. Ezta Itxaro Borda bere eleberri eta poema liburu berriaz mintzatzen. Idazleek proposatutako perlak entzun gabe geldituko da; azkeneko asteetan, Arantxa Iturbe irrati esatari eta idazleak proposatu ditu.

Eta Sautrela-ren hutsunea beteko duen literatur saiorik ez da iritsiko 2012. urte honetan. Euskal telebista publikoan nekez azalduko da idazlerik datozen hilabeteetan.

Nazioarteko idazleen hitzak

Hamabi urte eta 351 ataletan, Hasier Etxeberriak nazioarteko idazle ugari elkarrizketatu du. Hala, euskal idazleei egindako tarteaz gain, Sautrela-ko ikus-entzuleek aukera izan dute Jose Saramago eta Gao Xinjiangen hitzak entzuteko. Paul Austerrenak eta Lobo Antunesenak. Antonio Tabucchirenak eta Alain Robbe-Grilletenak. Quim Monzorenak eta Antonio Rivasenak. Xuan Bellorenak, Marie Darrieussecquenak, Frederic Beigbederrenak eta Amelie Nothombenak. Sautrela-tik pasatu dira Alberto Mendoza, Juan Jose Millas, Tahar Ben Jelloun, Henning Mankell, Donna Leon eta Enrique Vila-Matas. Horiek guztiak eta beste dozena idazle batzuk gehiago.

Euskal literaturari begira jarrita, gai eta ikuspuntu ezberdinetatik begiratu diote. Denboraldi honetan bertan honako gai hauek landu dituzte: euskal literaturaren tropel fenomenoa, literatura eta politikaren arteko harremana, musika eta literaturaren arteko harremana eta euskarazko literatur aldizkariak. Erreportaje horiek Internet bidez ikus daitezke, EITB Nahieran zerbitzuan. Hain zuzen ere, programako taldeak saioaren ondare osoa Interneten jartzeko proposatu dio ETBri, «baina ondo indexatuta». Hau da, idazleen gaineko bilaketak egiteko aukera emanda.

Amaitzeko, Saizarbitoria

Igandean emango du ETB1ek Sautrela-ren azken atala. Bertan Hasier Etxeberriak Ramon Saizarbitoria idazlea (Donostia, 1944) elkarrizketatuko du. Saizarbitoriak hilaren 20an aurkeztuko du komunikabideen aurrean Martutene nobela berria. Horrenbestez, liburu horren inguruan mintzatuko da Sautrela-ren azken emanaldian. Bederatzi urte dira bere azken lana argitaratu zuenetik: Kandinskyren tradizioa.

Helduko dira euskarazko liburu berri gehiago aurten, baina ezingo dute geldialdirik egin Sautrela-ko plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.