Sarean da Arabako 'Alea'

Hirinet atariak eta 'Alea' astekariak bat egingo dute Interneten, 'www.alea.eus' atari berrituarekin

Gaur jaioko den Alea-ren webgunean Arabako gaur-gaurko gaiak jorratuko dituzte. ALEA.
urtzi urkizu
2016ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Arabako euskaldunek Interneten eskaintza berri eta osatu bat izango dute gaurtik aurrera, Alea.eus webgunean. Hirinet.net atariak eta Alea astekariak bat egin dute horretarako, eta Hirinet.netAlea.eus bilakatu da. «Modu horretan, Arabako Alea egitasmo komunikatiboa indartu dugu, eta orain hiru hankadun proiektua dugu: papera, irratia eta webgunea», azaldu du webguneko koordinatzaile Saioa Fernandez de Aranguizek. Paperean urte bat joan da astekaria argitaratzen hasi zirenetik. Radio Vitorian irratsaio bat egiten dute asteartero, 17:00etan —Hirinet FM orain Alea FM deituko da—.

Hirinet.net 2012. urtean sortu zuten Gasteizen, GEU elkartearen ekimenez, GEU aldizkariak utzitako hutsunea betetzeko asmoz. Paperezko hedabidea sortzeko helburua ere bazuen elkarteak. Baina proiektu hori BERRIArekin eta Goienarekin batera landu zuen duela bi urte, eta 2015eko urtarrilean Alea astekaria jaio zen.

Hirinet atariak, batez ere, Gasteizko albisteen berri ematen zuen. «Orain, Gasteiztik Arabara egingo dugu salto. Kuadrilla bakoitzak bere atala izango du, eskualdeko albisteen berri emateko», azaldu du atariaren koordinatzaileak. Horrez gain, parte hartzeak «berebiziko garrantzia» izango du webgune berrian —horretarako Komunitatea atala sortu dute—. «Norbanako eta talde guztiek izango dute aukera webgunearen erabiltzaile izateko, eta iruzkinak, artikuluak edo argazkiak jartzeko».

Albisteak, bestalde, gaika banatu dituzte Alea.eus-en: ekonomia, euskara, gizartea, ingurumena, iritzia, kirola, kultura eta politika. Euskararen agendak bere atal propioa izango du. Eguraldiaren informazioa ez da faltako, ezta zorion agurren atala ere.

Alea-ren papereko argitalpenaren edukietako batzuk irakurgai egongo dira webgunean; ez, ordea, aldizkaria osorik. «Aldizkarian agertzen diren eduki batzuk, batez ere erreportajeak eta elkarrizketak, euskarri ezberdinetan eskaintzeko ahalegina egingo dugu», iragarri du Fernandez de Aranguizek. Horretarako, argazkiak eta bideoak jarriko dituzte atarian.

Nahiz eta Alea-ren aurreneko urtea «gogorra» izan den, «pixkanaka aurrera» doazela azaldu du webgunearen koordinatzaileak. «Harpidetza kopuruari dagokionez, oraindik lan asko dugu egiteko. Herritar askok oraindik ez dute gure berri izan, batez ere Gasteiztik kanpo». Komunikazio proiektu «zabala» izan nahi du Alea-k. «Lurralde osoko norbanakoen, elkarteen eta eragileen arteko kolaboratzaile sarea sortu nahi dugu, proiektua guztion artean egin behar dugulako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.