Sare sozialak inpartzialtasunez erabiltzeko gida bat sortu du BBCk

Kazetariei eskatu diete ez egiteko adierazpenik iritzi politikoen inguruan. Irizpideak bete ezean, kaleratzeko arriskuan egongo dira.

BRITAIN BBC
Londresko BBC hedabidearen egoitza. TOLGA AKMEN / EFE
iraia vieira gil
2023ko azaroaren 25a
05:00
Entzun

«Europako beste herrialde garrantzitsu batzuek baino askoz errefuxiatu gutxiago onartzen ditugu [Erresuma Batuan]. Ahulenei eragiten dien politika neurrigabea eta krudela da gurea, 1930eko hamarkadan Alemanian ezarri zuten horren antzekoa». Gary Lineker Bartzelona futbol taldeko jokalari ohi eta BBCko kirol esatariak Adolf Hitler diktadoreak ezarritako neurriekin alderatu zituen egungo Erresuma Batuko immigrazio legeak. Duela hilabete batzuk argitaratu zuen bere iritzia Twitterren, eta horrek kateko hainbat arduradun eta herrialdeko zenbait politikari aztoratu zituen. Horri aurre egin nahian, sare sozialetan inpartzialtasunez aritzeko gida bat sortu du Erresuma Batuko hedabideak, han lan egiten duten kazetarientzat bereziki.

Kazetaritzaren inpartzialtasunaren eta adierazpen askatasunaren arteko oreka lortzea da gidaren helburua. John Hardie BBCko zuzendari ohi eta ITNko editoreak txosten bat sortu zuen bere garaian sare sozialen erabilerari buruz, eta hartan oinarritu dira eskuliburuaren sortzaileak; gainera, Hardieren lanean bildutako gomendioak gehitu dizkiote argitalpenari. Izan ere, sare sozialen erabilera mugatu barik, BBCko langileek «katearen balioekin bat egiten duten adierazpenak» baino ezin dituzte plazaratu, gidaren arabera. Polemikarik ez piztea lortu nahi dute horrela, eta langileen iritziek ildo editorialean ez eragitea.

Albisteak, eguneroko kontuak eta ikerketa kazetaritza lantzen dituztenek errespetatu behar dituzte, zehazki, BBCk garatu dituen irizpideak. Ardura politikoren bat dutenek eta audientzia handiko programak zuzentzen dituzten aurkezleek jarraibide bereziak hartu beharko dituzte kontuan, batez ere sare sozialetan idaztean. Gainerako langileek eta freelance kazetariek iritziak publikatzeko askatasun handiagoa izango dute, betiere diskurtso politikoa errespetatzen badute eta «BBCri kalte egiten dioten eztabaidetan» parte hartzen ez badute.

Hainbat gomendio

Iritzi politikoak emateko orduan kazetariek zer eta nola esan dezaketen zehaztu du BBCk. Hasteko, profesionalei eskatu die ez dezatela esan zer alderdiri ematen dioten botoa, eta, horri lotuta, ez daitezela sartu eztabaida politikoetan. Hala ere, norbaitek bere ustea jakinarazi nahi badu, hedabidean lantzen duen espezializazioarekin lotuta egon dadila eskatu dute.

Halaber, gogorarazi die informazio bat eman baino lehen egiaztatu egin behar dutela. Behin albistea kontrastatuta, sare sozialetako hizkerarekin kontuz ibili behar dute kazetariek: ortografia eta gramatika arauak errespetatzeaz gain, hitzak eta espresioak tentuz hautatu beharko dituzte. Irizpide hori «diziplina editorialarekin» lotuta dago, eta «zentzuzkoa» da, BBCren arabera.

Bestalde, eskuliburuan azaldu dute azken orduko albisteak norberaren kontuan argitaratzea ez dela egokia, BBCk berak baitu azken orduko albisteak publikatzeko ardura.

Era berean, kazetari batek zuzeneko bat egiten badu eta ez baldin badaki albistearen nondik norakoak zehazki zein diren, horren berri eman behar die jarraitzaileei, eta aldi oro jakinarazi nola eskuratu duen plazaratzen duen informazioa.

Inpartzialtasuna bermatzeko gida horretako irizpideak betetzen ez dituzten kazetariak lana galtzeko arriskuan egongo dira baldin eta hutsegite larriren bat egin badute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.