«Sare sozial toxikoak» utzi eta fedibertsoarekin bat egitera deitu dute

X eta haren gisako «sare komertzial» eta «toxikoak» baztertu eta «Internet gizatiarrago, askeago eta kolaboratiboago bat» eraikitzea proposatu dute. Mastodon sare soziala indartu nahi dute. Tokikomek Mastodoneko sare propioa eratu du.

Mastodon sare sozialaren euskarazko instantzia aurkezteko agerraldia, 2018an, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Mastodon sare sozialaren euskarazko instantzia aurkezteko agerraldia, 2018an, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
mikel p ansa
2025eko urtarrilaren 20a
05:00
Entzun

Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Espainiako eta Galiziako zenbait talde eta ekintzailek dei egin dute «sare sozial toxikoak» uztera eta fedibertsoarekin bat egitera. Goazen, lagunok izena eman diote kanpainari, eta gaurtik aurrera indar handiagoz zabalduko dute.

Ez dute kasualitatez aukeratu eguna: Donald Trumpek AEBetako presidente kargua hartuko duen eguna aukeratu dute kanpaina hauspotzeko. Elon Musk milioidun eta X sare sozialaren jabea AEBetako Gobernuan kokatu du Trumpek, eta Muskek sare sozial hori lohitzeko egin duen ibilbidea gogoan dute ekintzaren bultzatzaileek.

Baina ekinbidea lehenagotik dator, eta ez dago X sare sozialari soilik lotuta. Goazenlagunok.eus webgunean azaltzen dutenez, «Internet gizatiarrago, askeago eta kolaboratiboago baten alde» apustu egin nahi dute, eta Metaren sareen jarduna ere kritikatu dute. Ekonomia sozial eraldatzaileko eragile batzuek bultzatu dute ekinbidea, eta gero bat egin dute eragile ugarik. Euskal Herrian, tarteko dira Tokikom tokiko komunikabideen elkartea eta Argia; El Salto egunkariak ere bat egin du.

Tokikomek, hain justu, TKM.eus sare soziala aurkeztu zuen joan den ostiralean. Tokiko hedabideen elkarteak azaroan jakinarazi zuen X sare soziala utziko zuela. Ordutik, Mastodon sare sozialean oinarritutako sare sozial propio bat eratu dute, eta zerbitzari propio batean instalatu. Tokiko 36 komunikabidek ireki dituzte kontuak bertan, eta haiek egiten duten lana erakutsiko dute sare horretan. Mastodoneko erabiltzaileek bat egin ahal izango dute sarearekin, baina sare sozialik gabe ere, edozein nabigatzailetatik kontsultatzeko aukera izango da.

Iban Arantzabal Tokikomeko presidenteak azaldu du proiektu berri horren arrazoia: «Estatu Batuetako multinazionalek kontrolatutako sare sozialak plaza publiko gisa aurkeztu zaizkigu urteetan, baina ez dira, eta gero eta lerratuago daude euren jabeen interesen alde, erabiltzaileen kaltetan bada ere. Hedabide gisa, gero eta beharrezkoagoa iruditzen zaigu gure jarduera soziala gure kontrolpeko plataformen bidez egin ahal izatea, ildo editoriala geuk markatuta, eta ez Estatu Batuetako eskuin muturreko milioidun kapritxoso batek».

Goazen, lagunok ekinbidea sustatzen dutenek iragarri dute kanpainarekin bat egiten duten eragileek hartuko dituztela zeinek bere erabakiak, sareetako jardunari buruz. Baina, bakoitzak egin ditzakeenez aparte, «ekintza kolektibo bat» ere prestatzen ari direla jakinarazi dute, eta aurrerago tailerrak eta bestelako jarduera batzuk ere egin asmo dituztela erantsi dute.

Fedibertsoaren oinarriak

Elkarrekin harremanetan jartzen edo «federatzen» diren instantziak eta zerbitzarietan instalatutako aplikazioak dira fedibertsoa osatzen dutenak, eta Mastodon sare soziala da fedibertsoaren aurpegi ezagunena. Sare sozial horrekin bat egitera dei egin dute, beraz, eta zenbait tresna ere proposatu dituzte. BERRIAk abenduan zabaldu zuen kontua Mastodonen.

Azalpen teknikoago bat ere eman dute: «Fedibertsoa elkarren artean komunikatzen diren sare sozialen multzo bat da, eta guztiek ActivityPub izeneko protokoloa erabiltzen dute. Hau da, fedibertsoaren edozein txokotatik fedibertsoaren beste txoko batzuk aukeratu dituzten pertsonei jarraitu eta haiekin elkarreragiteko aukera ematen duen lengoaia komuna».

Fedibertso hori eraikitzen ari dela erantsi dute, eta ez daukala sare sozial komertzialetako «hiperabiadura, dopamina edo eztabaida kopuru bera»: «Ez da beharrezkoa, beste gauza bat delako: modu osasuntsuagoan eta gustagarriagoan topo egiteko, hitz egiteko eta harremanetan jartzeko espazio bat da. Fedibertsoan lasai eta seguru gaude». Mastodon erabiltzen ikasteko oinarri batzuk aurkeztu dituzte webgunean.

Ekinbidearekin bat egin duten elkarteen artean, Euskal Herriko erakunde eta talde hauek daude, besteak beste: Abaraska taldea, EH KOM, Elkartenet, Mundukide, Olatukoop, REAS Euskadi, REAS Nafarroa, Talaios, Tapuntu, TEKS Elkartea, Torrekua eta Wikitoki. «Internet gizatiarrago batean sinesten dugu, monopoliorik, algoritmo inbaditzailerik eta nahi ez den publizitaterik gabe», adierazi dute izenpetzaileek, eta dei egin dute «pertsona guztien benetako konexioa, aniztasuna eta ongizatea lehenetsiko dituzten espazio digitalak eraikitzera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.