Sara Iriartek eta Peli Lekuonak gidatuko dituzte Naiz irratiko goizak

Tokiko informazioak tarte propioa izango du euskarazko irratian, 14:00etan. Lide Hernando saio berri bat egiten hasi da.

Sara Iriarte eta Peli Lekuona, Naiz irratiko goizen gidariak. NAIZ
Sara Iriarte eta Peli Lekuona, Naiz irratiko goizen gidariak. NAIZ
urtzi urkizu
Donostia
2024ko irailaren 5a
05:00
Entzun

Naiz irratiak aste honetan abiarazi du denboraldi berria, ohiko eskaintzari eutsiz. Informazioaren Haria-ren lehen saioa aurten Sara Iriartek eta Peli Lekuonak gidatuko dute, 06:00etan hasita.

Analisi mahaiak garrantzitsuak izango dira irratian, 08:40an. Solaskide batzuk mantenduko dituzte, eta berri batzuk ere iritsiko dira: zuzendarien mahaian, Iñaki Sotok (Gara) eta Amagoia Mujikak (BERRIA) jarraituko dute; Begoña Errazti eta Patxi Zabaleta ariko dira beste mahai batean; kazetarien beste mahai batzuetan mintzatuko dira Ibai Fernandez (Noticias), Maialen Ferreira (Eldiario.es), Iraia Oiarzabal (Gara) eta Iosu Alberdi (BERRIA) kazetariak. Bi astelehenetik behin, Garbiñe Biurrun abokatua, Ekhiñe Atorrasagasti kazetaria eta Laura Mintegi idazlea elkartuko dituzte. Beste mahai batean ariko dira Alaia Sierra, Martxelo Diaz eta Iker Bizkarguenaga kazetariak. Gainera, solaskideen artean ariko dira aurten Eguzki Urteaga, Maider Galardi, Mikel Urdangarin, Ainhoa Etxaide eta Aritz Otxandiano, besteak beste.

Aktualitateko magazinetan berrikuntza batzuk izango dituzte. Eguerdiko albistegian —13:00etatik 15:00etara—, tokiko informazioak tarte propioa izango du aurrerantzean, 14:00etan. Ostiraletan, bestalde, Aztarna solidarioa tarte berria egingo dute.

MusikHariak saioak eguneko lehen aurrerapen bat izango du, 12:00etan. Musika saio berriak eta saio berezituak ere estreinatuko dituzte. Esate baterako, Lide Hernando musikaria Ad Libitum saioa egiten hasi da —asteartero emango dute, 19:00etan—.

Hilaren 11n, emankizun berezi bat egingo du Naiz irratiak, ikasturteko berrikuntza guztiak aurkezteko. 18:00etan hasiko da, eta Donostiako estudioetan egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.