Arrakastatsua izan zen ETB1eko Go!azen telesailaren hamargarren denboraldia. Eta datorren udazkenean, aurpegi berriekin itzuliko da programaziora neska-mutikoentzat egindako fikzio hori. Hilaren 17an hasiko dituzte 11. denboraldiko grabaketak, Gipuzkoako hainbat tokitan.
ETBk iragarri duenez, maitasuna, gatazkak eta umorea izango dira nagusi telesailaren hurrengo denboraldian, baita «euskal musikarik onena» ere. Aktore berrien artean daude Sara Cozar eta Garazi Urkola. Cozarrek makina bat antzezlanetan, telesailetan eta filmetan egin du lan, eta, Go!azen-en, Basakabiko kultur arduradunaren rola jokatuko du: Leire. Basakabiko ikasle ospetsu baten jaiotzaren urteurrena dela eta, ikuskizun handi bat egin nahi dute. Leire arduratuko da ikuskizun horretaz, baina gorabeherak izango ditu Maitanerekin (Nerea Arriola). Garazi Urkolak, berriz, Oihaneren rola jokatuko du: haren gurasoek Boskoren aitaren fabrika bateko jangelan egiten dute lan, sukaldari. Haren ametsa goi mailako sukaldaria izatea da, baina gurasoek ez dute nahi uda osoa sukaldean pasatu dezan. Urkola Akelarre filmean (2020) aktore aritua da. Gidoigilea ere bada, eta berriki Audiogile Berriak egitasmoan bigarren gelditu da —Hodei Arrastoarekin batera, Enkantea soinu fikzioa grabatuko du—.
Beste lau aktore berrik parte hartuko dute datorren denboraldian: Julen Taboadak Ioritzena egingo du —sintetizadoreekin musika urbanoa egiten duen gazte bat da—; Irati Marinek Izarrena egingo du —gurasoek musika egiten dute, eta presioa sentitzen du horrekin—; Adriana Sanchezek, berriz, Alaiarena —azkeneko hilabeteetan arazoak izan ditu, eta orain ez du inorekin harremanik izan nahi—; eta Ander Murillok, bestalde, Alexen rola jokatuko du —Saioarekin (Mikele Arizkorreta) bikote harreman bat hasiko du—.
Bideoklipa grabatuko dute
Aurreko denboraldian Go!azen telesailean ziren beste pertsonaien artean, hauek jarraituko dute Basakabin: Garazik (Nerea Elizalde), Gontzalek (Kimetz Etxabe), Lukenek (Ander Lacalle), Anerrek (Xabier Elizalde) eta Boskok (Ander Aierza). Aurretik aipatutako bik ere bai: Arriolak eta Arizkorretak.
Telesailaren beste bideoklip bat ere grabatuko dute datozen egunetan. Iker Laurobak sortutako musika eta hitzak ditu oinarri —makina bat aldiz sortu ditu Laurobak telesailaren bideoklipak—. Pausoka ekoiztetxea laster hasiko da datorren ikasturteko aurrestreinaldiak eta kontzertuak prestatzen.
Ekoiztetxe berak egiten du Irabazi arte telesaila ETB1entzat. Fikzio horren laugarren denboraldia ere datozen asteetan grabatuko dute, eta izango dira aktore berriak hartan ere —Leire Jungitu ikerlariak Irabazi arte telesaila ikertu du genero ikuspegitik, eta estereotipoak hausteko baliagarritzat jo du—.
ETB1 katean, bestalde, bi telesail ematen ari dira azkeneko asteetan: Touré detektibea astelehenetan, eta Itxaso ostiraletan. Hilaren 21ean emango du ETB1ek Itxaso-ren azkeneko atala —Bi telesailak jada ikusgai daude Primeran plataforman—.