Iristear dira Iruñeko sanferminak. Ostegunean jaurtiko dute txupinazoa, bederatzi eguneko jaiei hasiera emateko, eta festen hasiera irrati bidez, Internetez eta telebistaz ikusi eta entzun ahalko da zuzenean. BERRIAk ere emango du sanferminetako txupinazoa—Hamaikaren seinalea jarriko du webgunean—, 11:30etik aurrera. Zuzeneko konexioak, elkarrizketak, Iruñeko udaletxe barruko irudiak eta kaleko giroa jasoko dituzte Hamaikaren eta BERRIAren emanaldian.
ETB1ek ere zuzenean emango du txupinazoa; Ilaski Serranok egingo ditu aurkezle lanak. Iban Garate, berriz, udaletxe barnean ibiliko da giroaren berri ematen eta protagonistekin elkarrizketak egiten. Martxelo Sotesen laguntza ere izango du Serranok txupinazoa kontatzeko. Udaletxeko plazan, berriz, Egoitz Txurruka ibiliko da —Txurrukak Gastronomadak saio berria aurkeztuko du ETBn igandetik aurrera—.
EITBk set berezi bat izango du Iruñeko Burguen plazan. Bertatik kontatuko dute txupinazoa, eta erreportariekin konexioak ere handik egingo dituzte. Gazteak ere zuzenean emango du txupinazoa.
Sanferminek irauten duten egunetan, Hamaikak Iruñeko jaien aktualitatearen berri emango du Gurean gaur albistegian, baita Kolpez Kolpe antenatik at saioan ere.
Entzierroak, ETBn eta TVEn
ETBren eta RTVEren artean sinatu duten elkarlan hitzarmen baten ondorioz, ETB1ek sanferminetako entzierro guztiak zuzenean emango ditu goizero, euskaraz; TVEk, ohiko moduan, gaztelaniaz emango ditu. Eskubideak, berez, TVErenak dira.
ETB1ek Entzierroa saioa emango du goizero, 07:45ean. Iban Garatek aurkeztuko du programa hori. Hainbat gonbidatu izango ditu alboan entzierroen inguruan hitz egiteko: korrikalariak, zezen adituak, kazetariak eta sanferminzaleak. Bestalde, lau berriemaile egongo dira —guztiak Nafarroakoak—: Anabel Arraiza, Iñigo Ziganda, Iñaki Ainziburu eta Albina Stardust —drag queen burlatar bat da azken hori—.
Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ere zuzenean eskainiko dituzte entzierroak. Euskadi Irratian kontakizuna Iñaki Berastegik eta Patxi Irigoienek egingo dute, eta Radio Euskadin Aritz Agirre eta Aitor Perez arduratuko dira horretaz.
Radio Euskadiko Boulevard saioa Iruñean bertan aurkeztuko du etzi Xabier Garcia Ramsdenek. Euskadi Irratiko Faktoria magazina, berriz, Iruñean egingo dute ostiralean, San Fermin egunean. Zuzeneko musika ere izango dute bertan.
Sanferminetako programazio bereziaren barne, ETB1ek Zure bizitzako azken sanferminak dokumentala emango du bihar, 22:15ean. Sanferminek tarte berezia beteko dute datozen egunetan Biba zuek! magazinean eta Gora bihotzak saioan —atzo gauean estreinatu zuten—. Amaiur Elizarik ETB2n aurkezten duen Navarra Hoy programan, bestalde, bi atal berezi eskainiko dizkiete sanferminei: hilaren 7an eta 14an.
EITBren webgunean, sanferminen inguruan sortzen diren eduki guztiak bilduko dituzte. Ekitaldi nagusiak streaming bidez ikusi ahalko dira Interneten ere.
Musika eskaintza berezia ere egingo du EITBk datozen asteetan. Hala, Lau Teilatu egitasmoan, ETB1ek Janus Lester kantariaren kontzertua emango du hilaren 8an, 22:15ean. Baluarte jauregian izango da kontzertu hori.
Euskalerria Irratia, egunero
Euskalerria Irratiak, ostegunean, bi ordu eta erdiko saio berezia egingo du txupinazoaren inguruan, 10:00etatik 12:30era. Azken partean bat egingo dute Iparraldeko Euskal Irratiek eta Nafarroako hainbat irrati txikik. Reyes Ilintxetak eta Juan Kruz Lakastak gidatuko dute emankizuna.
Bestalde, hilaren 7tik 14ra, Euskalerria Irratiak Sanfermintza saioa egingo du egunero Zaldi Zuriko ostatuko terrazan, 12:00etatik 14:00etara. Zuzeneko musika ere izango dute irratsaio horretan; besteak beste, Tatxers, Burutik, Skabidean eta Beietz taldeek joko dute. Kaleko erreportariek hainbat festa gune bisitatuko dituzte: Zaldiko Maldiko, Oinez Txokoa, Katakrak, peñak...
Sanferminetako txupinazoa BERRIAn eta Hamaikan
ETB1ek entzierroak emango ditu, iaz bezala. Euskalerria Irratiak 'Sanfermintza' saioa egingo du egunero, Zaldi Zuriko ostatuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu