2009an ETBra itzultzeko aukera izan zuen Pello Sarasolak (Hernani, Gipuzkoa, 1964), baina azken orduan «damutu» egin zen, Antena3eko etapa amaitu gabe zuela pentsatzen baitzuen. Epe horretan LTD bidezko kate berrien sorrera zegoen, «sormen epe bat». LTDko Antena3eko kate berriak egonkortu zirenean, «etxera bueltatu» nahi zuela ikusi zuen.
Nola aurkitu duzu ETB? Duela sei urte baino ahulago al dago?
ETB bizi-bizirik ikusten dut, eta gauden testuinguruan nahiko indartsu. Ezin da konparatu 2005eko telebista eta gaur egungoa. Gaur egun multikanal egoera batean gaude, eta telebista munduan tokitxo bat izatea zailagoa da. Bestalde, diru falta dago. Baina nik jendearen begietan ikusten dut joan nintzenean baino lan egiteko askoz gogo handiagoa.
2011n ETB1ek %2ko ikusle kuota izan du. Zer gogoeta egiten duzu kateaz? Egin al dezake hortik gora?
Ezin da pentsatu Euskal Telebista euskaraz egiten den telebista guztia denik. Ez dugu sentimendu patrimonialistarik izan behar. Baina bakarrik ETB1ek lor dezake euskaldunon komunitatean gehiengoaren erreferente nagusiak izatea. Erreferente gehiago behar ditugu, eta ditugunak aberastu. San Mames bat beteko luketen saioak behar ditugu. Euskaldunen artean %5etik %10era igo daiteke datua, baina gehiago ez. Baliabideak kontsumo handia dagoen orduetan jarri behar dira.
Horregatik kendu al duzue Arratsalderomagazina?
Bai. Antena3en nengoenean Arratsaldero-ren proiektuaz hitz egin zidaten, eta txalotu nuen. Baina denbora joan ahala, konturatzen zara prime time ordutegian hutsuneak dauzkazula eta arratsaldeko apustua zaila dela mantentzea. Gure lanean zailena lehentasunak ezartzea da. Une honetan lehentasun handiagoa dute prime time-ko hutsune eta aukera batzuek.Euskaldunon ordutegiak gaztelaniazko komunitatearenak baino ordu erdi aurreratuago doaz. Hartara, 21:00etan badugu aukera bat show-entretenimendu erreferente bat sortzeko.
Iban Garatek aurkeztuko duen Ai Ama! izango da hori, ezta?
Bai. Apustu oso garrantzitsua izango da guretzat.
Zer gertatuko da Azpimarra saioarekin?
Ez dugu kenduko. Aztertzen ari gara non kokatu.
2012an etorriko den beste berrikuntza bat Bi eta bat telesaila izango da. Hiru urtetan telesail berririk sortu ez denean, zergatik aukeratu duzue remake moduko bat, eta ez ideia berri bat?
Itzuli nintzean argi nuen fikzioak lehentasunen goiko puntan egon behar zuela. ETB1eko tontorrak entretenimenduan Goenkale-k eman ditu. Fikzioko beste produktu bat behar dugu. Hiru proiektu aurkeztu zizkiguten, hirurak oso onak, eta bi guztiz berriak. Hiru egile taldeak konfiantzazkoak ziren. Niri hirurak egitea gustatuko litzaidake, eta hirurek funtzionatuko lukete.Baina dirurik ez dago,eta aukeratu egin behar da. Bi eta bat aukeratu dugu, uste dugulako genero gisazabalena dela. Gainera, jendearen senean dagoen marka sortua du. Bi eta bat udaberrian estreinatuko da.
Badago Kontseilugunea izeneko talde bat bilerak egiten, ETBri buruz gogoeta egiteko. Bilera batean parte hartu duzu. Nola baloratzen duzu?
Oso interesgarria. ETBn lanean ari garenok gure hariak guztiz irekiak izan behar ditugu gizartearekin, eta, telebista publikoak are eta parte hartze handiagoa izan, are hobeto. Eta parte hartzea kritikoa bada, hobeto. Kritika ezkor guztiak legitimoak dira, eta errespetu guztiarekin onartu behar ditugu. Hori ulertzen ez duenak ezin du telebista publiko batean lan egin. Euskal gizartea ETBrekin beste telebista kate batzuekin baino kritikoagoa da. Eta hori osasun seinale bat da. Garrantzia ematen dio telebista publikoari, eta orduan oso exijentea da.
Azkeneko bi urteetan ildo editorialari kritika asko egin zaizkio. Ikusle datuen jaitsiera, batik bat albistegiena, ildo politikoarengatik dela diote ordezkari politiko batzuek.
1990. urtean hasi nintzen ETBn lanean, eta leku askotan Caserío electrónico, Telebatzoki eta La vasca deitzen ziguten. Kritika politiko guztiak legitimoak dira, eta beti egon dira. Ez gaitu harritu behar. Baina ikusle datuen jaitsierari dagokionez, ETBren datuakoso errespetagarriak dira. Europan kopuru bat ardatz gisa hartzen da; hortik gora bazaude, telebista indartsuenen artean zaude, eta, hortik behera, ez zara indartsua. Kopuru hori %10 da. ETB, telebista talde gisa, urtarrilean %12an dago. Ikus-entzuleek gora egingo dute, taldeko profesionalok gauzak ondo egiten baditugu. Gaizki egiten baditugu, behera egingo dute. Batzuek diote ETBk lurra ukitu duela, baina ez da hala. Hori esaten duenak ez dituikus-entzule kopuruak ulertzen. LaSexta eta Cuatro ETB2ren azpitik daude, eta oso telebista errespetagarriak dira. Ez dira hiru mozolok egindako kateak. Gure bokazioak izan behar du gora jotzea.
Komunikazioa. Pello Sarasola. ETBko eduki zuzendaria
«San Mames bat beteko luketen saioak behar ditugu ETB1en»
Sei urte eta erdiz Antena3eko programazio buru izan ostean, irailean ETBra itzuli zen Sarasola. Erabaki batzuk hartu ditu jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu