Euskaraldian Ipar Euskal Herriko komunikazio ardurak bete zituen Mattin Troitiñok (Donostia, 1984). Urtebete darama Kanalduden lanean, eta hausnarketa prozesuko gidaritzan ari da.
Ekainaren 24an hausnarketa prozesu baten lehen saioa egin zenuten Bidarrain (Nafarroa Beherea). Zergatik abiarazi duzue prozesu hori?
Kanalduderen esentzia eta oinarria da herri telebista parte-hartzaile bat izatea, eta herritarren engaiamendua funtsezkoa izan da hastapenetik. Egun ere hala jarraitu nahi dugu. Herritarrekin batera eta herritarrentzako hedabide bat bultzatzea da xedea. Herritik herrira molde horretan sakondu nahi dugu. Hori oinarri hartuta, pentsatu genuen egokiena zela herritarrekin kontaktuan jartzea; hortik abiatu dugu Hausnartzen deituriko prozesua.
Nola joan zen lehen eguna?
Egun gozoa izan zen. Hogei lagun baino gehiago elkartu ginen. Batetik, Kanalduderen inguruan gogoetatu genuen; eta, ondotik, denon artean irudikatu genuen zer euskarazko telebista nahi dugun Ipar Euskal Herrian. Pozik gaude,ikusten dugulako jendeak engaiamendua erakusten duela.
Zer ideia nagusi atera ziren lehen bilkura horretan?
Ideia bat aipatu zen: Kanaldudek, telebista bat izateaz gain, gizartean eragile funtzioa bete nahi du. Badu, baina hori indartu nahi da. Kanaldude tresna parte-hartzailea izatea da beste ideia bat, badakigu horretan sakondu behar dugula. Aipatu zen, baita ere, Kanaldudek izan behar duela lurraldeen arteko zubi bat, hau da, kostaldearen eta barnealdearen arteko zubi bat, adibidez, ezagutza bultzatzeko. Bestalde, hedabide gisa lurraldea eta herritarrekin konexioa areagotzeko ideia aipatu zen. Eta euskal hiztunentzako erreferentzialtasuna indartzea.
Irailetik aurrera, zer beste herritan ibiliko zarete?
Ipar Euskal Herri zabalean hamabost bilkura egingo dugu: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan murgilduko gara, irailean hasi eta 2024ko lehen hiruhilekora arte. Gero eta zailagoa da jendea biltzea, baina ahalegin berezia egingo dugu herritarrengana iristeko, eta haiek eroso sentiarazteko. 2024an eduki andana bat jasoko dugu, ahalik eta hetereogeneoena, eta hortik ezarriko dugu hedabidearen iparra hurrengo urteetarako.
Bestalde, enpresen boxetan zabaltzeak zer ekarriko dizue?
Lau boxetan gara egun: Orange, Bouygues, Free eta SFR. Horrek ematen digu aukera herritarren etxeetan sartzeko. Herritarrek aukera dute boxetan Kanaldude ikusteko. Herri telebista baten hedapena biderkatu egiten da horri esker, eta ziur gaude pauso garrantzitsua dela. Telebista publiko baten zerbitzua eskaintzeko xedea dugu; bide horretan ari gara pausoak ematen.
Webgune berria maiatzean estreinatu zenuten. Horrek ere ikusle asko ekarri al dizue?
Gure asmoa izan da eduki guztiak nahieran ikusteko aukera izatea plataforma berean. Lanketa bat eskatu digu edukien antolaketan eta lehentasunak ezartzerako orduan. Hartzaileen kontsumoaren arabera ere egin dugu egokitzapena. Euskal Herri osoko bisitariak ditugu webgunean, badago interes orokor bat Kanaldude ikusteko.
Ipar Euskal Herriko beste euskarazko hedabideekin elkarlanean aritzen zarete. Sakondu al daiteke horretan?
Euskal Hedabideen barne gaude, beste lau hedabiderekin [Ipar Euskal Herriko Hitza, Herria, Euskal Irratiak eta Kazeta.eus]. Urtean elkarlanerako hitzordu batzuk baditugu, eta horien ikusgarritasuna areagotu beharko genuke.
Maiatzean ETBko zuzendariak esan zuen Kanalduderekin harremanetan sakontzeko asmoa duela. Zer diozu?
Esan zuen horrez gain, ez dakigu ezer. Uste dugu gure edukiek lehen lerroan Ipar Euskal Herrian dutela interesa, baina interes orokorra ere badute. Ikusiko dugu ETBk zer proposatzen duen.
Kanaldudek nola jokatzen du publizitateari begira?
Euskal Hedabideak markoaren baitan kudeatzen dugu. Gure hedapena handitzen doan heinean, jendearen interesa haziko da publizitateari dagokionez. Bi gauzak elkarrekin joatea beharrezkoa da. Baina badakigu zer ekartzen duen hedabide bat soilik publizitateaz bizi denean.
Mattin Troitiño. Kanaldudeko komunikazio arduraduna
«Sakondu nahi dugu herritik herrira moldean»
Ekainaren 24an Hausnartzen prozesuari ekin zion Kanaldudek. Irailetik aurrera, hamabost hausnarketa bilkura egingo dituzte herrietan. «Jendea engaiamendua erakusten ari da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu