Pausokaren hainbat telesail eta saioren sortzailea izan da Xabier Zabaleta (Donostia, 1977). Ekoiztetxeko proiektuen zuzendaria da egun. Go!azen-en sortzaileetako bat da, baita Aitaren etxea telesailarena ere.
ETB1eko saioen artean, Go!azen da (%6,4) ikusle kuotarik handiena duena. Pizgarria da lanean jarraitzeko?
Bai, zalantzarik gabe. Gero eta zailagoa da telebista linealean datu onak lortzea. Ezusteko polita da denboraldi honetakoa, eta pozik geunden aurrestreinaldietan sarrera guztiak saldu zirelako ere. Telebistako datu onak ikusteak indartu egiten gaitu.
4 eta 12 urte bitarteko haurren artean, %33,8koa da batez besteko kuota, eta atalen batek %40koa gainditu du. Haurren fideltasuna agerikoa da.
Hori oso polita da. Norbaitek esan zidan haurrek eta mozkorrek ez dutela gezurrik esaten. Ikus-entzunezkoei dagokienez, argi dago haurrek ez dutela gezurrik esaten: umeek eduki bat gustuko dute, edo ez dute gustuko. Alde horretatik, sekulakoa da haurren harrera beroa.
Telebistan ez ezik, sare sozialetan, aplikazioan eta beste bide batzuetan zabaltzen ari da telesaila. Nola doa arlo hori?
Lehen aldiz, ETBko zuzendaritzak erabaki du atalak Youtuben jartzea. Ni horren aldekoa naiz erabat: euskaraz ari garenok jendea dagoen tokira joan behar dugu. Youtuben atalek 15.000 erreprodukzio baino gehiago dituzte, eta abesti asko 100.000ren inguruan dabiltza. Saioak oso harrera ona du Youtuben. Abesti guztiak bilduz gero, milioika erreprodukzio dira. Instagrameko jarraitzaile kopurua ere gorantz doa egunero.
Lehen aldiz, Iparraldeko aktore bat dago telesailean. Hautaprobetara gutxi aurkezten al dira?
Oso-oso gutxi aurkeztu izan dira. Harreman oso ona dugu Seaskakoekin, eta denboraldiko azken atala Iparraldean ematen dugu. Galdetzen genien Iparraldeko aktore gazteengatik, baina ez ziren etortzen. Zoragarria iruditu zaigu Joanes Etxebeste Sarako [Lapurdi] gazteak nola antzezten duen, eta zer energia duen.
Gizarte gaiei dagokienez, nolako harremana duzue elkarteekin eta adituekin?
Urtero, denboraldi berria planteatzen dugunean, ikusten dugu ea zer gai nagusi landu nahiko genukeen: transexualitatea, eskola jazarpena, minbizia, harreman toxikoak...Aurten pertsonaia batek Aspergerren sindromea du, eta beste batek entzumen murriztua. Euskadiko gorren elkartekoekin hitz egin genuen, eta lagundu ziguten keinu hizkuntza ondo egiten. Barakaldoko [Bizkaia] BECeko aurrestreinaldiaren ostean, ama batek mezu eder bat bidali zigun esanez alabak entzumen arazoak dituela, eta lehen aldiz bera bezalako bat ikusi zuela miresten dituen telesaileko pertsonaien artean. Neska harentzat sekulakoa dela esan zigun amak.
Formatuaz zer diote Euskal Herritik kanpo?
Telesailak arreta piztu izan du kanpoko azoketan. Pare bat aldiz, banatzaileak erostekotan egon dira, baina abesti guztiak euskaraz dira, eta horrek zailtasunak eragiten ditu. Hala ere, ekoiztetxe batek telesailaren moldaketa bat egin nahi du bere herrialdean. Laster esango dugu non.
Kontzertu bira handi bat antolatu duzue. Baina, osasun larrialdia dela eta, nola ari zarete egokitzen?
Urte oso zaila da. Sei urtean ez genuen emanaldi bakar bat ere bertan behera utzi behar izan. Bira abenduaren 5ean hastekoak ginen, Azpeitian [Gipuzkoa], baina COVID-19aren eraginez atzeratu egin zen. Uholdeek hurrengo emanaldi bat atzeratu zuten. Eta beste emanaldi batzuk atzeratu egin dira martxora edo apirilera, osasun larrialdia eta edukiera murrizketak direla eta. Pena handia da, nahiz eta hurrengo egunetan kontzertu batzuk egingo ditugun. Gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu Euskal Herriko kulturgileei.
Transmisioaren ikuspegitik, zer hausnarketa egiten duzu Go!azen-en ekarpenaz?
Ikus-entzunezkoek sekulako eragina dute. Haur euskaldunak futbolean ari direnean gaztelaniaz kontatzen dute jokoa, ziur asko partidak gaztelaniaz ikusten dituztelako. Irakasle askok esaten digute musikaren aukeraketan ikasleek Go!azen-eko kantak eskatzen dituztela. Eskolatik kanpoko musika irakasleek ere aipatzen digute telesaileko abestiak ikasi nahi dituztela. Horrek garrantzi handia du. Gu, dena den, ez gara helmuga. Ate bat edo leiho bat izan behar dugu; agian, nerabe askok jarraituko dute telesailean deskubritu duten musika taldea entzuten. Mundu bat zabalduko zaie.
Xabi Zabaleta. 'Go!azen' telesailaren gidoilaria eta ekoizle eragilea
«Saioak oso harrera ona du Youtuben»
Eguberrietako bi emankizun berezien ostean, ETBk bihar ekingo dio berriz 'Go!azen'-en atal berriak emateari. Otsailaren 4an amaituko da denboraldia. Kontzertuak ere egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu