Youtuben milaka jarraitzaile dituzte Julen Hernandezek (Donostia, 1992) eta Iban Garciak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1999). Hernandezen kanala HolaJulen da, eta, Garciarena, Despertavlogs. Biek lau urte inguru daramatzate Youtubeko kanalean bideoak jartzen. Hernandez kazetaritza ikasten ari zen horretan hasi zenean: «Unibertsitatean ez genituen bideoak lantzen. Erabaki nuen nire kontura probatu nahi nuela nola zen bideoak lantzea». Aitzakia horrekin, «proba gisa» zabaldu zuen kanala. «Ondotik, esperientzia pila bat izan ditut kanalaren oihartzunari esker». Garciari txikitatik gustatzen zitzaion kamera hartu, eta bideoak grabatzea. Grabazioak mundura zabaltzearekin batera aldatu da harentzat egoera: «Kanala funtzionatzen ari dela ikusita, uste dut horrek lagunduko didala etorkizunean lan bat bilatzeko».
Gu ta gutarrak saioko kuxkuxero lanetan zabiltzate. Programak deitzeak ilusioa egin dizue?
J. H.: Punta Canatik [Dominikar Errepublika] iritsi nintzen egun berean, jet lag-arekin nintzela, Miramonen hautaproba bat egiteko deitu ninduten. Proba baino gehiago, bilera bat zen, saio honetan aritzeko. Sekulako poza izan da. ETBko albistegietan praktikak egin nituen, Bilbon, baina niretzat hau da benetako lehen esperientzia telebistan.
I. G.: Bai, ilusio handia. Ez nuen imajinatzen kuxkuxero izateko deituko nindutenik. Saioa hasieratik ikusi dut, eta hori abantaila izan da.
Gu ta gutarrak saioak baditu kritika batzuk, haren eduki arinengatik. Zer diozue?
I. G.: Gazte askok esaten dute: «Gu ta gutarrak kaka bat da». ETB1ek aurrerapauso izugarria eman du gazteentzako horrelako saio bat egiten, eta, gainera, arrakasta handi samarra lortu du. Ezin da denen gusturako egin, eta kritika onak zein txarrak daude, saio gehienetan bezala. Gazteek telebista euskaraz ikustea aurrerapauso handia da.
J. H.: Saioa bosgarren aldira iritsi bada, zerbaitengatik izango da. Gazteen artean lortu du audientzia, eta poztu nau.
Nola joan dira aurreneko egunetako grabaketak?
J. H.: Programa hasi aurretik, urduri nengoen. Baina oso ondo tratatzen naute; gauzak errazten dizkigute. Youtubeko espiritua telebistara eramaten saiatzen naiz, erronkak lehiakideei jarriz.
I. G.: Lurreratzen ari naiz. Orain arte kolaborazio txiki batzuk baino ez nituen egin. Telebistaren mundu honetara ohitzen ari naiz. Jendeak kanpotik imajinatzen duenaren aldean, oso ezberdina da telebista barrutik. Uste dut esperientzia baliagarria izango zaidala aurrera begira.
Youtuberren fenomenoa Euskal Herrian gehiago zabalduko al da datozen urteetan?
I. G.: Orain arte ez bada asko zabaldu, ez dut uste gehiago zabalduko denik. Youtuberren fenomenoa 2011. eta 2012. urteetan piztu zen. Ez dut uste hemendik aurrera sekulako arrakasta izango duenik.
J. H.: Ba, nik uste dut gutxinaka gorantz joko duela fenomenoak. Goia oraindik ez du jo. Youtubek duen onena da pertsonak direla protagonistak, eta egunero sortzen dira kanal berriak.
Zuen kanaletan bideoak gaztelaniaz egiten dituzue. Zergatik ez euskaraz?
J. H.: Audientzia zabalagoa delako gaztelaniaz. Bideo bat jartzen dut astean, baina ez dit gehiagorako ematen. Laguntza izango banu, animatuko nintzateke euskarazko kanal bat egiten.
I. G.: Iaz euskarazko kanala sortu nuen Gu ta gutarrak-eko lehiaketan parte hartzeko, baina euskarazko bideoek ez dute arrakastarik izaten Interneteko munduan. Badaude euskarazko kanal batzuk, baina ez dute kalitate nahikoa arrakasta lortzeko.
Youtuber gisa kanalerako zer da grabatzea gehien gustatuko litzaizukeena?
J. H.: Bizitzako nire esperientziak kontatzea gustatzen zait. Bidaiak daude esperientzien artean.
I. G.: Youtuber askori bidaiak ordaintzen dizkiete, esperientzia kontatzearen truke. Gustatuko litzaidake halako bidaiaren bat grabatzea. Challenge erronkak ere dibertigarriak izaten dira.
Iban Garcia eta Julen Hernandez. Youtuberrak
«Saioa bosgarren aldian bada, zerbaitegatik da»
'Gu ta gutarrak' saioaren bosgarren aldia hasi da. Garcia eta Hernandez kuxkuxero berriak dira, eta 'gutarrei' erronkak proposatzeaz arduratzen dira. «Oso gustura» daude Euskal Telebistak emandako aukerarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu