Saio zirikatzaile bat Twitchen

'Pilula gorria' hilaren 17an estreinatuko dute. Bi astean behin egingo dute programa, zuzenean

Lord Draugr youtuber arrakastatsuak aurkeztuko du Pilula gorria saioa Twitch plataforman. ARITZ SOLA.
urtzi urkizu
2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Misterioa da proiektuaren atzean nor dagoen: lehen denboraldia amaitu arte ez dute argituko zein lantaldek edo hedabidek sortu duen saioa. Baina aurkezlea argitu dute: Lord Draugr youtuberrak aurkeztuko du Pilula gorria saioa. Twitch plataformarako emankizun bat izango da, euskarazko aurrenekoetakoa. Hilaren 17an estreinatuko dute Pilula gorria, eta lehen elkarrizketa Aitziber Garmendia aktorearekin egingo dute. Iragarpena Twitch plataforman bertan egin zuen atzo Lord Draugr aurkezleak.

Saioaren izena The Matrix (1999) zientzia fikziozko filmaren tramatik hartu zuten. Neo protagonistari bi piluletako bat hartzeko aukera eskaintzen diote filmean: gorria edo urdina. Pilula urdinak gertatutakoa ahazteko eta matrix-eko errealitate birtualean geratzeko modua emango dio: eta gorriak, berriz, hartatik askatu eta mundu errealera eramango du.

Elkarrizketatuekin pilularen jokoa erabiliko dutela iragarri du saioko aurkezleak: «Elkarrizketatuei hamar galdera zirikatzaile egingo dizkiegu: horietatik zortzik pilula gorriak izan beharko dute; hau da, erantzun egin beharko dira. Bi galderatan pilula urdina hartu ahalko dute, eta ez erantzun: txanda-pasa egin, alegia». Euskal Herriko pertsonaia ezagunak elkarrizketatuko dituzte, bideo dei bidez. Bi astean behin emango dute, Twitch plataforman, zuzenean, 21:00etan.

Elkarrizketaren tartea finkoa izango da saioan. Hurrengo gonbidatuen artean Nogen eta Chill Mafia musika taldeetako kideak egongo dira.

Bestetik, erronkak egingo dituzte ikus-entzuleekin. Eta Interneteko askotariko bideoak zabaldu eta komentatuko dituzte. Umorea ez da faltako. «Ez du formatu zorrotz bat izango, telebistan bezala. Twitch plataformarako saio bat izanik, formatu askea izango da. Txat bidez hitz egiten arituko gara. Baita bestelako bideoak ikusten ere», iragarri du Lord Draugr youtuberrak. «Olgetan ibiliko gara. Ez da ezer serioa izango».

Babesleen garrantzia

Lord Draugr youtuberra euskalduna da, baina azkenaldian gaztelaniaz egin du lan. «Interneten masa behar da, kopuru handiak. Baina, babesleak agertzen badira, gauzak sor daitezke. Bestetik, banuen gogoa euskaraz aritzeko. Aukera polita eman didate saioberri honekin». Pilula gorria-ren babeslea Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak dira.

Saioko lantalde misteriotsuak iragarri du Pilula gorria-ren tonua zein izango den: «Tonu arina izango du, oso informala, bat-batekoa, umoretsua eta zirikatzailea. Umore zuritik guztiz aldentzen saiatuko da, eta naturaltasunaren eta inperfekzioaren aldeko apustua egingo du».

Twitch plataforman gero eta gazte euskaldun gehiago ari dira kanalak zabaltzen. Rikardo Arregi sarien Komunikazio kategoriako finalisten artean da 3000 Twitz kolektiboa —Twitchek euskara hizkuntza gisa onartzeko eskatu dute 4.000 lagunek—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.