Radio Euskadin aritu zen 2004tik 2009ra, eta Onda Vascan, 2009tik 2018ra. ETBrentzat saioak egiten iaz hasi zen Eider Hurtado (Santurtzi, Bizkaia, 1982). «Harrituta» dago 360º saioko erreportajeak Herrialde Katalanetan eta Espainian izaten ari diren harrera beroarekin.
Erroman izan zara aste honetan. Zer ekarri duzu handik?
Elizaren sexu abusuen inguruko erreportaje batean ari gara lanean. Erroman biktima batzuk elkarrizketatu ditugu, eta Aita Santuaren kolaboratzaile batekin ere egon gara. Vatikanoan pederastiaren inguruan egin zen goi bilkuran sakonduko dugu. Bidaia intentsitate handikoa izan da.
ETB2k gaur haur transgeneroen inguruko erreportajea emango du. Zertan saiatu zarete?
Trans ikusgarritasunaren munduko eguna da gaur, eta horregatik aukeratu dugu lan hori ematea. Haur transgeneroen egoera ikusgarri egin nahi dugu. Sekulakoa da haiek entzutea.
Zer balantze egiten duzu denboraldiak orain arte eman duenaz?
Toki bat egin dugu igande gauetan, eta oso-oso zaila da hori kate gehienek produktu izarrak jartzen baitituzte tarte horretan. Marka bat sortu dugu. Gure saioarekin jendeak badaki ikuspuntu desberdin bat topatuko duela eta zerbait deskubrituko duela. Ikusle datuak onak izaten ari da.
Zenbait erreportaje beste kate batzuetan ere eman dituzte, ezta?
Bai, adibidez Vox alderdiari buruzko erreportajeak %25eko ikusle kuota lortu zuen TV3en. Gero, Valentziako kate autonomikoak ere eman zuen. Katalunian jende askok ikusten gaitu, baita Espainian ere. Iruditzen zaidana da Euskal Herrian txiolariak ez direla hainbeste mugitzen saioarekin. Jarraitzaile katalanak aktiboagoak dira.
Ahoztar Zelaieta kazetariak esan zuen tirabirak izan zituela saioarekin, Narcos y guerra sucia lanaren kontura, galdera gisa planteatzeagatik estatu aparatuen eta narkotrafikoaren arteko lotura.
Erreportaje horren zuzendaria ez nintzen ni izan. Baina esango nuke sare sozialetan konpondu zutela afera Zelaietak eta erreportajearen egileek. Aldiz, gaietako adituak esaten digute maiz bide onean goazela. Erreportaje batzuk hitzaldietan erabiltzeko eskatu digute. Pozik nago, kritika oso onak jasotzen ari garelako.
Eusko Legebiltzarrean, Elkarrekin Podemosek eta PPk saioa kritikatu dute, esanez ea non dauden «hemen eta orain» gertatzen diren gaiak. Tartean, EAJren ustelkeria gaiak aipatu zituzten, astelehenean.
Joko politikoan sartzen da hori. Alderdi politikoek euren ildoa finkatu nahi dute. Saioko gaiak lantaldeak erabakitzen ditu, interes politikoaren eta sozialaren arabera. Iraganaz hitz egin behar da, eta berrikusi. Ikusle datuak ikusita, badago interesa horretan. Gaietan, bestalde, ez dago inolako taburik.
Presiorik izan al duzu?
Askok galdetzen digute hori, baina ez dugu presiorik izan. Ez dut deirik jaso esateko bide honetatik edo bestetik jotzeko. Ezezko asko eman dizkigute, hori bai, parte hartu nahi izan ez dutenek.
Zergatik ez da orain arte ETBn 360º saioaren moduko kazetaritza hainbeste egin?
Ez dakit, niri deitu zidaten hori bera egin nahi zutelako. Badakit ETBn oso pozik daudela. Horretan jarraitu dezagun nahi dute.
ETB1erako antzeko saio bat egitera animatuko zinateke?
Bai, ondo legoke ETB1en horrelako saio bat egotea.
Irratiko urteekin alderatuz, nola sentitzen zara gaur egun kazetari gisa?
Irratia da nire hedabide naturala. Baina saio hau gozoki bat da edozein kazetarirentzat. Aukera ematen du gaietan sakontzeko, eta nahi duzun moduan kontatzeko. Kazetari orok nahiko lukeen lana da. Ederki sentitzen naiz.
Datorren igandean faxismo berriei buruzko atala izango da ikusgai, ezta?
Bai, nazioartean gertatzen ari dena ikusi eta ultraeskuineko diskurtsoak Euskal Herrian izaten ari diren eragina aztertuko dugu. Albiste faltsuen gaiaz ere arituko gara erreportaje berean.
Eider Hurtado. '360º' saioko aurkezlea eta zuzendaria
«Saio hau gozoki bat da edozein kazetarirentzat»
Ikerketa kazetaritzako erreportajeak egiten ari da Hurtado ETB2ko '360º' saioan, eta ikusle datu onak ari da lortzen. Gaur gauean, haur transgeneroen lekukotzak jasoko dituzte, 'Tránsito' izeneko atalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu