ATZEKOZ AURRERA. Gorka Jimeno eta Hodei Rodriguez. 'Haustura metabolikoa' podcastaren egileak

«Saio bakoitza formakuntzarako aukera bat da guretzat»

Euren gogoetak zabaldu nahian, 'Haustura metabolikoa' podcasta sortu zuten Gorka Jimeno algortarrak eta Hodei Rodriguez getxoztarrak duela bi urte.

Gorka Jimeno eta Hodei Rodriguez, podcastaren egileak. HAUSTURA METABOLIKOA.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Tosun (Getxo, Bizkaia) egin behar zuten aparkaleku baten lanak geldiarazteko protestetan ezagutu zuten elkar Gorka Jimenok (Algorta, Bizkaia, 1996) eta Hodei Rodriguezek (Getxo, Bizkaia, 1994). Ekologismoaren munduan murgiltzen hasi ziren gero, hainbat jardunaldi eta formakuntzatan parte hartzen. Bien artean egiten zituzten hausnarketak ezagutarazteko asmoz, Haustura metabolikoa podcasta sortu zuten. Hilean behin entzun daitezke saio berriak, asteazkenetan, Bilboko Irola irratian.

Gaur egun, podcast asko daude; zerk esango zenukete bereizten duela zuen podcasta?

HODEI RODRIGUEZ: Hasteko, euskaraz izateak. Geroz eta aukera gehiago dago euskaraz, baina gaztelaniaz edo ingelesez dagoen eskaintzarekin alderatuta, askoz gutxiago.

GORKA JIMENO: Nik esango nuke podcastak ematen duen formatutik gaiak beste modu batera lantzen ditugula. Sakontasun handiagoa ematen diegu gaiei.

RODRIGUEZ: Agian formatua desberdina da beste podcast batzuen aldean.

Zergatik?

RODRIGUEZ: Beste programa batzuk aktualitatearekin lotuta daude, baina gurea monografikoa da. Monografiko bat egiten dugu gai baten inguruan, gure arteko elkarrizketa baten bitartez.

Gaiei sakontasuna emateko, lan handia al dago atzean?

JIMENO: Gu gai hauen nahiko frikiak gara, eta gustura egiten dugu. Badugu ezagutza minimo bat, baina ikerketa lana ere egiten dugu.

RODRIGUEZ: Libururen bat ere irakurri behar izan dut saioren bat prestatzeko, pentsa! [barreak]. Guretzat, formakuntzarako aukera bat da saio bakoitza.

Zer ikuspuntu zabaltzea duzue helburu?

JIMENO: Hain ezaguna ez den perspektiba bat eman nahi diogu entzuleari. Gainera, umorea ere gehitzen dugu.

RODRIGUEZ: Askotan, gaiak triste samarrak izaten dira, eta ez ditugu entzuleak tristatu nahi! [barreak].

Ura, bizitzaren garestitzea, turismoa eta abar landu dituzue. Nola aukeratzen dituzue gaiak?

JIMENO: Lehen bi saioak COP 26ren inguruan egin genituen, aktualitateari lotuta zegoelako. Beste gai batzuk gure interesen, kezken edo gomendioen arabera ere aukeratzen ditugu.

Eta zein da zuek gai honen inguruan duzuen kezka nagusia?

RODRIGUEZ: Nik uste duk gaur egungo gizarteak duen arazo handienetako bat petrolioarekiko duen mendekotasuna dela. Gure zeregin oinarrizkoenetarako ere behar dugu, eta, mendekotasunetik ateratzen ez bagara, gorriak ikusiko ditugu.

Azken programa hirigintzaren inguruan egin duzue.

RODRIGUEZ: Bai, zuzenean egin genuen Algortan. Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria jarri dute martxan, eta plataforma bat sortu da planaren aurka. Izan ere, hirigintza eredu guztiz basatia da ekologiaren ikuspuntutik. Hirigintzaren inguruan hausnartu genuen.

Euskal Herriko hainbat herritan egiten ari dira plan horiek. Plan horien inguruko nolabaiteko hausnarketa bultzatu nahi izan duzue entzuleen artean?

RODRIGUEZ: Hori da. Gu Algortakoak garenez, hemengo errealitatea hobeto ezagutzen dugu. Eraikuntza enpresen ondarearen menpe baitago hirigintza eredua sarritan.

Urte berriarekin, gai berriak izango dituzue. Zeren inguruan izango diren esaterik badago?

RODRIGUEZ: Gaiak ez dauzkagu guztiz zehaztuta, baina gustatuko litzaiguke Marxen ekologiaren inguruko saio bat egitea.

JIMENO: Kapitalismoaren profeten inguruan ere hitz egin nahiko genuke. Esaterako, Bill Gatesen eta Elon Musken inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.