Komunikazioa. Iban Bengoetxea. ETB1eko 'Harian' saioko aurkezlea

«Saiatzen gara, hurbiltasunarekin, gai ezagunak jorratzen»

Hamar aste dira ETB1en igandero kaleko erreportajeak ematen dituztela. Iban Bengoetxea aritzen da herritarrei galdezka.

urtzi urkizu
Donostia
2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
ETBko Hitzaro saioan aritu zen garai batean Iban Bengoetxea (Ondarroa, Bizkaia, 1973). Erlo telebistako arduraduna izan zen. Eta Harian-era heldu aurretik Euskadi directo saioan berriemaile lanetan ibili da.

Zer balantze egiten duzu Harian saioak aurreneko asteetan egin duen bideaz?

Gu gustura gaude. Hamar saio emititu ditugu, eta ilusioarekin gaude aurrera jarraitzeko. Oraingoz, jendearen aldetik harrera ona izan dugu. Iruditzen zaigu saio ikusterraza dela. Ordu erdiko iraupena baino ez du, eta horrek laguntzen du. Gai asko jorratu ditugu, eta horretan gabiltza.

Zer estilo ematen saiatzen zarete erreportajeei?

Saiatzen gara, hurbiltasunarekin, denok ezagutzen ditugun gaiak jorratzen. Egokitu zaigu Athleticen tsunamian murgiltzea eta horretan jarraituko dugu. Bestetik, gaixotasun arraroak eta berdelaren arrantza bezalako gaiak modu hurbil batean kontatzen saiatu gara, herritarrek esaten dituzten gauzak aintzat hartuz. Haien iritziak islatu nahi ditugu. Herritarren ahotsetik entzuten ditugu gorabehera guztiak, haiek dira protagonistak.

Ikusle datuak zer moduz doaz?

Oraingoz, ondo. Zorte pixka bat izaten ari garela ematen du. Askotan lan gogorra egitea ez da islatzen datuetan, baina orain arte gustura gaude lortutako datuekin. Igandeko 21:00 inguruko tartea ez da jarduteko ordu erraza, albistegiak eta futbola daudelako konkurrentziako kateetan. Baina saioa ondo ari da.

Baduzue erreferenterik antzeko saioren batekin?

Talde txiki bat gara, eta gure estilo propio bat sortu nahi izan dugu. Dena den, ukaezina da telebista munduan mota bereko gauzak egiten ari direla, gehienbat plato batek asko garestitzen duelako produktua. Kaleko erreportajeak egiteko bidetik gabiltza.

ETB2n ere 60 minutos erreportaje saioa hasi dira egiten. Baditu antzekotasunak Harian-ekin, ezta?

Bai, Iñaki Lopezek eta biok agian ez dugu antz handirik. Baina egia da antzeko saioa dela. ETB2n eta gaztelaniazko kateetan horrelako saioak ohikoagoak dira, baina euskaraz ez da askotan egin. Horregatik, ETB1erako berria da. Hizkuntza aldetik zailtasunak izaten ditugu, euskara dela-eta ateak itxita izaten ditugulako zenbait tokitan. Baina horretan lanean gogor segiko dugu. Gaztelaniak presentzia duenean, azpidatziekin jartzen dugu.

Gaurko saioan Athleticek Lisboan Europako Ligako finalerdia nola jokatu duen, eta zale zuri-gorrien giroa jasoko duzue. Ez al da gehiegizkoa Athleticen inguruan egindako erreportaje kopurua?

Nik aitortu dut jendaurrean realzalea naizela. Athletici buruzkoa egitea egokitu zait, eta gustura nago; azken finean, Athleticek mugitzen duena izugarria da. Athleticen sentimendua eta mugitzen duen jendetza ikaragarria da. Askorentzat erlijio bat baino sakonagoa da. Gehiegizkoa den? Aste honetan milaka zale joan dira Portugalera partida bategatik; hori ez du beste ezerk mugitzen. Ez dut pentsatu ere egin nahi itzulerakoan Bilbon biziko dena. Bestalde, Gernikako bonbardaketaren harira saio bat prestatuko dugu, Gernikan, futbola alde batera utzita. Abortoaren gaia jorratzeko asmoa ere badugu.

Ostegun santuan Iñigo Cabacasen hilketa gertatu zen Bilbon. Pentsatu al duzue gai horren inguruan erreportajerik egitea?

Zalantza izan genuen. Kontua da aurrez gaiak finkatuak behar izaten ditugula. Ez dugu aukerarik egun batetik bestera aldatzeko. Albistegietan jorratzen dute gaia, eta gu hankamotz geldituko ginateke. Bizpahiru asteko aurrerapenarekin ibiltzen gara beti.

Nola ikusten duzu ETB1eko egora?

Iruditzen zait aspaldian mugimendua sumatzen dela. Berrikuntza batzuk heldu dira. Maiatzerako Urko Aristi ere programa berri bat prestatzen dabil. Krisia hor dago, baina biziberritze ahalegin bat sumatzen da.

Tokiko kateetan lanean ibilitakoa zara. Zer esan dezakezu kate horien raupenaz?

Espero dut iraungo dutela. Sekula ez dut ezagutu tokiko telebista bat dirua sobera izan duenik. Baina, hurbiltasunari esker, beti asmatu izan dute bizirik irautea. Zenbat eta gehiago egon, are eta albiste pozgarriagoa. Sekulako aberastasuna ematen diete kazetaritzari eta herritarrei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.