Sabino Arana Goiriri buruzko dokumentala eta eztabaida ETB1en

'Sabino Aranaren begiak' lana 22:15ean hasiko da.Gero, 'Debatea' emango dute, 00:10 arte

urtzi urkizu
Donostia
2015eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Sabino Arana Goiriren jaiotzaren 150. urteurrenarekin bat eginez, ETB1ek dokumental bat emango du gaur, eta jarraian haren inguruko eztabaida egingo dute. Film Services ekoizpen etxeak eta ETBk elkarlanean ekoitzi dute Sabino Aranaren begiak. 22:15etik aurrera, Aranaren bizitzan eta ibilbidean barna bidaia proposatuko du lanak.

Dokumentala Aranaren bizitzako bi dekoratu nagusien arteko kontrastean murgiltzen da. Gazte hil zen Arana, 38 urterekin, eta bi munduren artean banatu zuen bizitza: bata gizarte berria, hiritarra, Bilbo eta industria iraultzaren ingurukoa. Bestea herritarra, tradizionala, Gernika eta Sukarrieta, ohiturak eta foruak ardatz zituena.

1937. urtera eramango du ikuslea dokumentalaren hasierak. Gernikako bonbardaketatik hiru egunera, Juan de Ajuriagerrak Aranaren hondakinak hilobitik atera zituen, beste nonbait ezkutatzeko. Busturialdean faxistak aurrera egiten ari ziren, eta horren beldurrez, Aranaren memoria gordetzeko abiatu zen aipatutako operazioa.

Sabino Aranaren begiak lanean, bestalde, Urduña, Bartzelona, industria iraultzako Bilbo eta Urdaibai eskualdea azalduko dira. Aranaren gaztaroa, haren ikasketak, idatziak, EAJ sortu zeneko garaia eta espetxeko uneak errepasatuko ditu lanak. Horretarako, Luis de Gezala, Amagoia Mujika Goñi, Andres Urrutia, Josune Ariztondo eta Joseba Agirreazkuenagaren hitzak tartekatuko dituzte.

Dokumentalaren ostean, Debatea saioan Arana Goiriren inguruan eztabaidatuko dute (23:15).

Joan den astelehenean, Sabin telefilma ere estreinatu zuen ETB1ek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %2,5eko ikusle kuota lortu zuen; euskaldunen artean, %4koa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.