RTVEn protestak egin dituzte, oposizioak atzeratu dituztelako

Oposizioen azterketak atzo egin behar zituzten 5.000 hautagaik. Baina galderak filtratu egin dituzte, eta bertan behera gelditu dira.

RTVEko langileen protesta, gaur, oposizioen aferagatik. LAURA BARRACHINA
RTVEko langileen protesta, gaur, oposizioen aferagatik. LAURA BARRACHINA
urtzi urkizu
2024ko irailaren 30a
13:00
Entzun

Urte asko pasatu dira Espainiako RTVE talde publikoan azken aldiz oposizioak egin zituztenetik. Atzo ziren hastekoak oposizioen azterketak, baina atzeratu egin behar izan dituzte. Azterketen galderak isilpean pasatu izana da erabakiaren arrazoia. Informazioa eta Edukiak arloko lanpostuetarako, 5.000 hautagaik baino gehiagok eman dute izena; ehunka izan ziren, beraz, atzo azterketak egiteko asmoz Madrilgo Unibertsitate Konplutentsera aurkeztu zirenak, baina hura egin gabe gelditu zirenak. 474 lanpostutarako dira oposizio horiek.

Concepcion Cascajosa RTVEko presidenteak adierazi du gertaeraren salaketa jarriko duela taldeak, ahalik eta bizkorrena iker dadin eta irregulartasunak argitu daitezen. FAPE Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioak eta Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak RTVEri eskatu diote ikerketa bat abian jartzeko, eta «ardurak garbitu» daitezela.

Sumindura eragin du gertatutakoak hautagaien artean, baita RTVEko lantaldean ere. RTVEko langile batzordeek elkarretaratzeak egin dituzte gaur eguerdian, irrati-telebistaren egoitzen aurrean, oposizioak bertan behera utzi dituztela eta. Eguerdian bertan RTVEko lan batzordea bildu da auziaz eztabaidatzeko. RTVEk ohar labur batean barkamenak eskatu ditu, eta iragarri du oposizioak azaroan egingo dituztela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.