RTVEko langileek protesta egin dute, «azken dekretua independentziaren aurkakoa delako»

RTVEko administrazio kontseiluko 11 kide berriak izendatuko dituzte gaur, Espainiako Kongresuan. Lehen, bi hereneko gehiengoa behar zen kontseiluko kideak aukeratzeko, eta azkenekoak lehiaketa publiko bidez hautatu zituzten.

Maria Solana izango da RTVEko administrazio kontseiluko kide berrietako bat. ZIPI ARAGON / EFE
Maria Solana izango da RTVEko administrazio kontseiluko kide berrietako bat. ZIPI ARAGON / EFE
urtzi urkizu
2024ko azaroaren 14a
05:00
Entzun

TVEko Albistegietako Kontseiluak deituta, Espainiako irrati-telebista publikoko hainbat langilek protestak egin zituzten atzo. Elkarretaratzeak egin zituzten Madrilen eta beste hiri batzuetan. Horrez gain, TVEko Albistegietako Kontseiluak gutun bat bidali die Espainiako Kongresuko talde politiko guztiei, berriki RTVEko organoen hautaketaren inguruan egindako erreforma salatzeko. Espainiako Kongresuak dekretu bat onartu zuen duela egun batzuk, eta, haren bitartez, gehiengo soilez izendatu ahalko dituzte RTVEko administrazio kontseiluko kideak; horren aurretik, Espainiako Kongresuaren bi herenen babesa behar zuten.

Bada, TVEko Albistegien Kontseiluak salatu du azken lege aldaketak «talka» egiten duela RTVEren «informazio independentziarekin». Halaber, ohartarazi dute RTVEko presidentea izendatzeko ere Espainiako Kongresuaren babes txikiagoa beharko dela. Azkeneko aldaketa egin aurretik, gainera, administrazio kontseiluko ordezkariek lehiaketa publiko bat gainditu eta adituen batzordearen oniritzia jaso behar zuten izendatuak izan aurretik. «Orain, ordea, soilik diputatuek erabakitzen duten kontseilariak egokiak diren ala ez funtzio horretarako», esan dute TVEko Albistegietako Kontseilukoek. 

Bestalde, RTVEko presidente berriak funtzio gehiago izango ditu, lege aldaketaren eraginez, eta, hain zuzen, TVEko Albistegietako Kontseiluak nabarmendu du hori ere ez dela «bat etorriko independentziarekin». Eragile hori kezkatuta dago RTVEko presidenteak modua izango duelako enpresako zuzendariak eta arduradunak nahieran izendatu eta kargutik kentzeko, administrazio kontseiluaren gehiengoaren oniritzia izan gabe. 

Maria Solana kontseilari

RTVEko administrazio kontseilurako hautagaien lehen bozketa egin zuten herenegun Espainiako Kongresuan, baina ez zuten gehiengorik lortu. Gaur, ordea, beste bozketa bat egingo dute, eta gehiengo soilez izendatu ahalko dituzte 11 kontseilari berriak. Hauek izango dira Espainiako Kongresuak izendatuko dituen 11 kontseilukideak: Miquel Calçada (Junts), Esther de la Mata (PSOE), Marta Ribas (Sumar), Mercedes de Pablos Candon (PSOE), Rosa Leon (PSOE), Juan Pablo Lopez (PSOE), Maria Teresa Martin del Caz (Sumar), Mariano Muniesa (Podemos), Angelica Rubio (PSOE), Sergi Sol i Bros (ERC) eta Maria Solana (EAJ). Azken hori Geroa Bai taldeko ordezkaria da, eta hainbat ardura izan ditu Nafarroako Gobernuan; euskalduna da. Bestalde, hainbat hedabidek argitaratu dute Lopez izango dela presidente berria.

Kontuan hartu behar da Espainiako Senatuak beste lau ordezkari izendatuko dituela datorren astean RTVEko administrazio kontseilurako. PPk du gehiengoa Senatuan, eta espero da alderdi horretakoak izango direla lau kontseilari horiek. 

Jose Manuel Perez Tornero RTVEko presidenteak 2022ko irailean dimisioa eman zuenetik, behin-behinekotasuna nagusitu da kargu horretan. Elena Sanchezek bete zuen presidente kargua, behin-behinean, 2022ko udazkenetik aurtengo martxora. Baina RTVEko administrazio kontseiluak kargutik kendu zuen, Sanchezek RTVEko eduki zuzendaria kargugabetu ostean. Concepcion Cascajosak —PSOEko kontseilaria zen— bete du presidente kargua azkeneko hilabeteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.