Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partida jokatu zuten atzo gauean Realak eta Real Madrilek. Anoetan 37.373 ikusle izan ziren, eta beste milaka herritarrek telebista bidez ikusi zuten futbol norgehiagoka. EAEn, ETB1eko euskarazko emankizunak %4,9ko ikusle kuota lortu zuen; La1 katearen gaztelaniazko emanaldiak, berriz, %22,1ekoa. Movistar Plus ordainpeko plataformak ere eman zuen lehia. Partida amaitu ostean, ETB1ek Koparen bila saio berezia eman zuen, eta %3,2ko ikusle kuota bereganatu zuen.
Ikusle kopuruari dagokionez, 34.000 lagunek ikusi zuten partida osorik ETB1en, eta 154.000 herritarrek La1 katean.
Apirilaren 1ean jokatuko dute finalerdiaren itzulerako partida, Madrilen, eta hura ere ETB1 eta La1 telebista kateek emango dute.
Herenegun, beste finalerdiko joaneko partida jokatu zuten Bartzelonak eta Atletico Madrilek. Soilik La1k eman zuen, eta EAEn %25,7ko kuota lortu zuen.