Nagore Aranburu aktoreak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1976) kritika oso onak jaso ditu azkeneko hilabeteetan Querer telesailean egindako lanagatik. Alauda Ruiz de Azua zinemagilearen (Barakaldo, Bizkaia, 1978) lehen telesaila da hori, eta iaz estreinatu zuten, Donostiako Zinemaldian. Ondotik, sari ugari bildu ditu, hiru Forque sari eta bi Feroz sari tartean —Aranburu bera bietan saritu dute—. Bikote barruko tratu txarren eta sexu abusuen gaia lantzen du telesailak, eta Hego Euskal Herrian Movistar Plus plataforman ikus daiteke. Orain, gainera, telesailen munduko jaialdirik garrantzitsuenean lehiatuko da: Lilleko (Frantzia) Series Mania jaialdiko Sail Ofizialean parte hartuko du — jaialdia hilaren 21etik 28ra egingo dute—.
Beste zortzi telesailekin lehiatuko da Ruiz de Azuak sortutako fikzio lana: Empathie (Kanada), Generations (Danimarka), Hal & Harper (AEB), Kaboul (Frantzia-Alemania-Italia-Belgika-Grezia), Long Bright River (AEB), Mussolini: Son of the Century (Italia-Frantzia), The Deal (Suitza-Frantzia-Luxenburgo-Belgika) eta The German (Israel-AEB).
Diego San Jose gidoilariak (Irun, Gipuzkoa, 1978) sortutako Celeste telesaila, berriz, Nazioarteko Panorama kategorian lehiatuko da. Fikzio hori ere Movistar Plusen ikus daiteke Hego Euskal Herrian, eta Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten. Telesail hauek izango ditu lehiakide kategoria berean: A Life's Worth (Suedia-Frantzia), At the End of the Night (Iran), Family Matters (Hego Korea), Putain (Belgika), Raul Seixas: Let Me Sing (Brasil), Requiem for Selina (Norvegia), Reunion (Erresuma Batua), The Danish Woman (Islandia-Frantzia) eta What It Feels Life for a Girl (Erresuma Batua).
Asterix eta Obelix
Lehia ez ezik, emanaldi eta estreinaldi bereziak ere izango dituzte Lillen. Jaialdiari hasiera emateko galan, Apple TV Plus plataformako Carême telesaila estreinatuko dute. Amaierako ekitaldian, berriz, High Intellectual Potential telesailaren (TF1) bosgarren denboraldia aurkeztuko dute.
Aurrestreinaldirik berezienetakoa, bestalde, Asterix et Obelix: le combat des chefs animaziozko telesailarena izango da. Netflix plataformak apirilaren 30ean estreinatuko du telesail hori. Alain Chabatek sortu du, eta Lillen izango da hura aurkezten. Lehendik ere, Netflixek estreinatu izan ditu Asterix eta Obelixen inguruko lanak.
Beste emanaldi berezi batzuk ere egingo dituzte: Ghosts:Fantômes en héritage (Disney Plus-TF1), Los años nuevos (Movistar Plus), Menace imminente (TF1), Parlement telesailaren laugarren denboraldia (France Televisions), eta Fighter (Norvegiako TV2 katea).
Le siècle de Costa Gavras dokumental saioa ere aurkeztuko dute, eta aurkezpenean izango dira Constantin Costa Gavras zinemagilea bera eta Edwy Plenel dokumentalaren sortzailea. Ekoizlea Michele Ray-Gavras da.