Pulitzer sarietako aipamen bat, Floyden hilketa grabatu zuenari

Darnella Frazier gazteak sakelakoarekin grabatu zuen polizia batek George Floyd afro-amerikarra nola hil zuen, iazko maiatzean

BERRIA.
urtzi urkizu
2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
«Egiaren eta justiziaren alde» egindako lana aitortu diote Pulitzer sariek Darnella Frazier gazteari, eta haren lana «erabakigarritzat» jo dute. Iaz, maiatzaren 25ean, Minneapolisko (AEB) polizia batek bortizki hil zuen George Floyd afro-amerikarra. Eta Columbiako Unibertsitateak, Pulitzer kazetaritza sariak ematerakoan, nabarmendu du halakotan «funtsezkoa» dela herritarren rola, «egiaren bilaketan».

Frazierrek 18 urte ditu; 17 baino ez zituen iaz, sakelako telefonoarekin Poliziaren indarkeriaren irudiak grabatu zituenean. Irudi horiek erabakigarriak izan ziren Minneapolisko Poliziaren bertsioa hankaz gora jartzeko. Izan ere, haietan argi ikusten da nola Derek Chauvin poliziak bortizki belaun azpian izan zuen Floyd, itota hil zuten arte. Ondoko epaiketan, leporatu zitzaizkion hiru karguengatik zigortua izan zen polizia. Gertaera hark, beste alde batetik, protesta ugari eragin zituen AEBetan, #BlackLivesMatter mugimendua berpiztuz.

Hego Euskal Herrian, 2016an, Axier Lopez Argia-ko kazetariari isun bat jarri zioten Naroa Ariznabarretaren atxiloketaren irudiak zabaltzeagatik. Epaiketa egiteko egun batzuen faltan, Javier de Andres Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan zuen ordezkariak erabaki zuen Lopezi isuna kentzea. Lopezek ontzat jo du Pulitzer sariek Frazierri saria eman izana: «Pulitzer sariek, Columbia Unibertsitatea tarteko, ikuspegi aurrerakoia izan ohi dute, eta politikoki zuzenak izaten dira. Baina interesgarria da saritzea herritar batek sakelakoarekin hilketa bat grabatu izana». Lopezen iritziz, horrek balio dezake plazaratzeko herritarren eskubidea dela funtzionario publikoek espazio publikoan egiten dutena grabatzea. «Sariak balio dezake ez ahazteko ez diogula rec sakatzeari utzi behar».

Mikel Saenz de Buruaga kazetariari mozal legea aplikatu zion Eusko Jaurlaritzak, Hala Bedi irratiarentzat lanean ari zela 2016ko maiatzean Errekaleorren (Gasteiz) gertaera batzuen berri ematen ari zenean. Epaiketa 2019an egin zuten, ertzain baten salaketagatik. Pulitzer sarietako aipamenak bi osagai agerian utzi dituela iruditzen zaio Saenz de Buruagari: «Lehenik eta behin, poliziaren jarduna grabatzearen garrantzia kazetaritzaren ikuspegitik; bestalde, herritar xumeek kazetaritzari egindako ekarpenaren balioa. Hau da, agerian geratu da ez soilik polizia grabatzea eskubide bat dela eta hori kriminalizatzeko saiakerak gainditu behar direla, baizik eta herritar ororen betebeharra dela, gehiegikeriak saihesteko eta giza eskubideen zein eskubide sozial eta politikoen berme gisa». Alea aldizkarian ari da orain lanean Saenz de Buruaga, eta nabarmendu du herritar guztien eskura dagoela «kazetaritza kritikoa» egitea, eta horretan ari diren hedabideei eta kazetariei laguntzea. Albiste «ezin hobea» iruditu zaio Frazierrek jasotako aitortza.

Filmatzeko debekurik ez da

Saenz de Buruagak gogorarazi duenez, Euskal Herrian ez dago debekatuta Poliziari grabazioak egitea. «Hego Euskal Herrian, sakoneko arazoa da mozal legeak poliziari egokitu diola epailearen rola; hau da, epaiketarik gabe edo epaile baten ikuskapenik gabe, polizia batek erabaki dezake kazetari bati edo herritar bati isuna ezartzea asmatutako arau hauste batengatik, benetako arazoa pertsona horrek grabazio deseroso bat egin duela denean».

Frantziako legediaren arabera, egun Poliziak eta jendarmeek ez dute irudi eskubiderik, eta eskubide bat da haiek jardunean filmatzea. Baina Frantziako Asanblean lege proiektu bat aurkeztu zuten iaz, eta 24. artikuluak filmatzeko eskubidea murriztea aurreikusten zuen. Azkeneko hilabeteetan, irudiak hartu izan dituzten herritar eta kazetariak oztopatu izan dituzte poliziek.

Lopezek uste du Espainia eta Frantzia ez direla salbuespena: «Nazioartean ikusten den joera bat da. Gobernuen interes propioen arabera, legeak moldatzen dituzte, eta funtzionario publikoen ukiezintasuna bermatzen dute». Argia-ko kazetariak gogoratu du Hego Euskal Herrian mozal legea-ren aurretik argazkilari askok polizien jazarpena sufritu behar izan dutela. «Jazarpen hori lege bilakatu dute, polizien esku uzten baitute zer egin daitekeen eta zer. Poliziak akusatzaile eta epaile dira aldi berean».

Iritzi berekoa da Saenz de Buruaga. Bestetik, nabarmendu du boterearen jarduna fiskalizatzen duen «kazetaritza kritikoari» merezi duen balioa eman behar zaiola. «Ezinbestekoa da poliziak grabatzeko eskubidea behin eta berriro aitortzea eta defendatzea. Eskubide hori kriminalizatu, zaildu, oztopatu, eragotzi edo debekatu nahi duen lege arloko zirrikitu txikiena ere gainditu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.