Iñaki Lopez. Aurkezlea

«Protagonisten laguna egin naiz 'Iñaki & Cía' saioarekin»

K2000 ekoizpen etxearekin, 'Iñaki & Cía' saioa gidatuko du Lopezek gaurtik aurrera, ETB2n (22:25). Xabier Euzkitzeren 'Bisitaria' saioaren oso antzeko formatua da.

urtzi urkizu
2014ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
«Oso pozik» dago, hamabost urtez bere «etxea» izan denera itzuli delako. Profesional ETBn egin dela dio Iñaki Lopezek (Portugalete, Bizkaia, 1973).

Zer irizpide erabiliko dituzue saioko protagonistak aukeratzeko orduan?

Irizpide bakarra da Euskadiko ikusleentzat interesgarriak izatea. Euskaditik kanpoko pertsonak ere elkarrizketatu ditugu: Loquillo eta Cristina Almeida. Iñaki Anasagastirekin aurrez aurreko eztabaida bat izango du Almeidak.

Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko gonbidaturik izango al da?

Aurreneko sei ataletan ez. Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko pertsonak zerrendan izan ditugu. Baina, protagonistak aukeratzeko, pertsonen agendak eta neureak bateragarriak behar zuten. Gure asmoa da irailetik aurrera ekoizpenerako denbora gehiago izatea eta pertsona motak aldatzea. Udazkenean ere saioa ematea espero dugu.

Xabier Euzkitzeren Bisitaria bezalakoa al da saioa?

Bai, inspirazioa oso berdintsua da. Pertsonarekin bizpahiru egun pasatzen ditugu, eta haiekin lo egin ere bai. Euzkitzeren programa ondo ezagutzen dut; ekoizpen etxea berbera da, gainera. Protagonisten laguna egin naiz saioari esker.

La Sexta noche aurkezten jarraituko duzu larunbatetan, ezta?

Abuztuan hiru astez atseden hartuko dut, baina gero jarraituko dut, bai. Lau ordu eta erdi dira zuzenean, tentsio handikoak. Zortzi solaskide izaten ditugu, komunikazioaren zortzi izar. Oso gainean egon behar duzu, eztabaida eskuetatik ez joateko. Kontzentrazio handia eskatzen du.

Aurten zein elkarrizketak eman dizu atentzio handiena?

El Gran Wyomingekin izandakoak. Bere pertsonaiatik harago doa. Ustelkeriaz eta murrizketez, gardentasunez eta krudel mintzatu zitzaigun. Diskurtso indartsua du.

Gara egunkariak iragarri du auzitara eramango duela Eduardo Inda, zure saioan behin eta berriz esan zuelako «Gara ETA da».

Hori haiek ebatzi beharko dute. Ez dagokit niri horretan bustitzea.

Aurkezle batek ez al du parte hartu behar kolaboratzaileak halakoak esaten dituenean?

Ikusi behar da zehazki nola esan duen. Kazetari hauek bizkarra ondo zaindu ohi dute. Indaren hitzen azterketa sintaktiko eta morfologikoa egin beharko litzateke.

Indak bospasei aldiz esan zuen: «Gara eta Euskal Herritarrok ETA dira».

Epaitegietan erabaki beharko dute. Ez dut iritzirik emango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.