Rocio de las Muñecasekin batera Gifted Corporation webseriea egiten hasi zen Oliver Mend. Horiek zabaltzeko beharra zegoela ikusi zuen, eta horrela hasi zen, besteen artean, Bilboko Web Fest jaialdia antolatzen. Urrian egingo dute bigarren aldia, eta zein eduki ekartzeko lanean ari da buru-belarri. Bien bitartean, Ameriketako Estatu Batuak eta Euskal Herria lotuko lukeen balizko ekoizpen bat sustatzen ari da: Replicant. Euskaraz eta ingelesez egindako webserie bat izango litzateke, baina oraingoz finantzaketa bila ari dira.
Zer behar zegoen jaialdi bat sortzeko?
Duela hiru urte sortu genuen gure webseriea, zerbait ezberdina egitearren. Film laburren munduak ez gintuen oso ondo hartu, eta zerbait ezberdina egiten hasi ginen. Ikusi genuen giro oso ona zegoela. Kultura irekia da, denek ikus dezakete egin duzuna, eta ez dago lehia errealik. Ezagutzen dugun webserieekin lehiatzen gara, baina modu sano batean. Izpiritu hori Bilbora ekarri nahi izan dugu, eta erakutsi bertako jendeari gauza interesgarriak egin daitezkeela webserieekin.
Esan daiteke webserieak gurean ezezagunak direla oraindik?
Ezezagunak baino gehiago, ezagutzen direnak ez daukate estimu handirik. Herrialde honetan oraindik behe mailako produktu gisa ikusten da, baina denetarik dago: 120.000 euroko aurrekontua duten webserieak daude, baita dena musu truk egiten dutenak ere.
Baina Interneten zarata handia dago, gauza asko aldi berean...
Bai, hori du txarra, zarata handia dagoela. Guk nabarmentzeko modukoak direnak ekarri nahi ditugu, baita erakutsi ere, Youtube ataritik aparte badaudela bestelako euskarriak. Frantziako Canal+ telebista kateak badu webserieentzako euskarri bat; Netflix zerbitzua dago AEBetan...
Jaialdiarekin jendea bere ekoizpenak egitera animatu nahi duzue?
Noski, hori da gure aurtengo helburu nagusia. Hezkuntzarako atal bat sartuko dugu, eta ikus dezatela baliabide gutxirekin ere zerbait egin daitekeela.
Euskal ekoizpenak zein leku izango du jaialdian?
Oraindik ez dago asko, kostatzen ari da. ¡Que vida mas triste! webseriea egin zuten, arrakasta handiarekin, baina hortik aurrera ez du jarraipenik izan. Badaude webserie batzuk, noski, eta hortik saiatuko gara ekoizpen horien erakusketa bat egiten.
Fenomenoa zergatik ez da zabaldu orain arte?
Zaila da hori jakitea, baina nik uste dut beti gertatzen dena gertatu dela kasu honetan ere. Hau da, proiektu berritzaileak ez dira lehenengotik babesten, arraro ikusten direlako, eta kanpoan zabaldu ondoren ekartzen dute joera hori gurera. Baina berandu izan daiteke.
Iazko jaialdirako saiatu ginen kanpaina zabal bat egiten, eta jende askok ez zuen parte hartu nahi. Ez zuten euren produktua jaialdi batean erakutsi nahi, dagoeneko sarean baitago. Ez dauka zentzu handirik, dagoeneko Interneten jarrita baitago.
Oliver Mend. Bilboko Web Fest-eko edukien arduraduna
«Proiektu berriak babestu ordez, kanpoan hedatu arte itxaroten da hona ekartzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu