Komunikazioa. Juan Carlos Etxeberria. ETB2ko '60 minutos' erreportaje saioko aurkezlea

«Produktu ona egin eta jendeak ikustea litzateke ondorioa»

La Sexta kateak Iñaki Lopez kontratatu ostean, '60 minutos' saioko lekukoa hartu du Etxeberriak. Astelehenetan emango dute.

urtzi urkizu
Donostia
2013ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
60 minutos izena jarri gabe eman bazuten ere, astelehenean Iñaki Urdangarinen aferaren inguruko erreportajea gidatu zuen Juan Carlos Etxeberriak (Donostia, 1968). Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %13,8ko ikusle kuota lortu zuen. Datorren asteleheneko atala, berriz, PPren ustelkeriari buruzkoa izango da.

Zer balantze egiten duzu ETBko albistegietan egin dituzun 20 urteez?

ETBn 1991n sartu nintzen. Zarauzko telebistatik pasatu ostean, eta ETBko Empresa vasca ekonomia saioan hasi nintzen gero. 1994an Madrilera joan nintzen, albistegietako berriemaile lanera. 1996an itzuli nintzen, asteburuetako albistegia aurkezteko. 1997tik 2000ra denetarik egin nuen albistegietan, tartean Julio Ibarrarekin lan egin nuen. 2000tik 2009ra, eguerdiko Teleberri aurkezten aritu nintzen. Eta azkeneko lau urteetan Miramongo egoitzan lan egin dut albistegietarako. Pixka bat denetarik egin dut urteotan albistegien barne.

Presio politikorik sumatu al duzu urteotan ETBn?

Pentsatzen dut egongo zela. Niri neuri inoiz ez dit politikari batek deitu agintzeko «esan ezazu hau edo beste hori». Baina jakina da alderdi politikoak beti ez daudela konforme telebista publiko batek egiten duen lanarekin. Eta seguru nago egon direla presio politikoak, alde batekoak zein bestekoak. Kate publiko gehienetan egoten dira presioak.

60 minutos saioari dagokionez, gogoko al duzu formatua?

Bai. Formatu horrek aukera ematen dizu gaiak sakonago lantzeko. Eguneroko informazioan lantzeko aukera ez duzuna egiteko bidea ematen dizu. Askotan, albistegietako erreportajeetan bi minutu eskas horiek motz gelditzen zitzaizkidan. Erredakzioan esan izan dut gai batzuk azal ezinak direla albistegiko formatuan, oso azalean gelditzen direlako. Saio honekin ikuspuntu gehiago jaso ditzazkezu gai baten inguruan.

Iñaki Lopezek bere estiloa zuen. Zuk nolako estiloa eman nahi diozu programari?

Nik beste estilo bat dut. Ez dut neure burua bromak egiten ikusten. Une batean agian ironia izan daiteke tresna erabilgarria, baina hortik aurrerakoa, ez. Lehentasuna informazioari eman nahi diot. Programak entretenimendu pixka bat izan behar du. Saiatu behar dugu jendea ez aspertzen, saiokoa ez delako albistegiaren ikusle bera. Gustatuko litzaidake estiloa informatiboa izatea, baina aspergarri bihurtu gabe. Eskatu digute gaurkotasunari oso lotuta egoteko, eta horrek baldintzatuko du gure lana.

Aritz Galarraga telebista kritikoari ez zitzaion askorik gustatu Urdangarinen gaia. Baina ikusle datu apartak izan zituen.

Aritzekinhorretan ez nago ados. Urdangarin auzia gai interesgarria da. Gauza asko nahasten dira hor. Ezin da ahaztu Palma auzia-rekin hasten dela. Puntako gaia da informazio aldetik.

60 minutosETB2ren batez bestekotik gora ibili daitekeela iruditzen zaizu?

Hori nahiko genuke, seinale ona litzateke. Are seinale hobea izango litzateke katearen batez bestekoa oso altua izatea, eta gu horretara iritsi ezinik ibiltzea. Ez da gehien kezkatzen nauena, nahiz eta ikusle datuak garrantzitsuak diren. Telebista bat ona izateko, jendeak ikusi egin behar du. Ikusle datuek ondorio bat izan behar dute. Guk produktu ona egin behar dugu, eta ondorioa litzateke jendeak ikusten duela.

Pello Sarasola izan daiteke ETBko hurrengo zuzendaria. Zer esango zenioke?

ETBko hurrengo zuzendariari zein EITBko zuzendari nagusiari esango nieke komunikabide publikoen aldeko apustu sendoa egiteko. Bost Puntu egitasmoaren sustatzaileetako bat izan nintzen, eta gure eskaera hau zen: EITB sendo, publiko, independente, kalitatezkoa eta euskara lehentasun duena. ETBk badu bere lekua telebista guztien arteko eskaintzan. Dena den, egiteko latza dute arduradun berriek, murrizketa handiak izango direlako.

ETB2n zabiltza orain lanean. ETB2k egin al dezake zerbait euskal mundua eta euskal kultura ikusle erdaldunengana hurbiltzeko?

Horixe egin dezakeela, jakina baietz. ETB2 kateak islatu behar du ETB1ek islatzen duen gauza bera. Gero kontuan hartu behar dira errealitateak, protagonistak batzuk elebidunak eta beste batzuk erdaldun hutsak direla. Baina nik ez dakit zergatik kuestionatzen den ETB2k Euskal Telebistako katea izan behar duen ala ez. ETB1 eta ETB2 berdin-berdin justifikatuta daude telebista publiko gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.