Bi urte dira ETBko zuzendari izendatu zutenetik. Aurreko hamasei urteak Discovery katean egin zituen Unai Iparragirrek (Arrasate, Gipuzkoa, 1973), Londresen eta Istanbulen.
Tourraren hasiera indartsua izango da, baina uda ETBn ez da dena Tourra izango, ezta?
Ez, ez [Kar-kar]. Tourra Euskal Herrian dagoen bitartean, ahalegin handia egingo dugu, baina handik aurrera, Tourrak bere ohiko lekua izango du. Udan hainbat berrikuntza izango ditugu.
Adibidez?
Mihiluze-ren tokia magazin batek hartuko du astelehenetik ostegunera. Euskal Herriko uda giroko kontakizunen berri emango du, eta aurkezleak Julen Telleria eta Miren Nogales izango dira. Jaiak ere tartean egongo dira. Gora bihotzak! izena du programak.
Mihiluze udazkenean itzuliko al da?
Bai, Mihiluze-k merezitako atsedena hartuko du udan, eta itxuraberrituta bueltatuko da udazkenean.
Zer beste ezusteko iritsiko dira udan?
Gastronomadak izeneko lehiaketa ibiltari bat egingo dugu. Janari furgoneta bat herriz herri ibiliko da, Egoitz Txurruka gidari dela. Javi Ribero sukaldariaren laguntza izango du. Beste berrikuntza bat euskarazko zinemaren inguruko programa bat izango da. Euskal zinemak harribitxi ugari izan ditu, eta haien inguruan garatuko dugu saio bat.
Reality-ak ez dituzu aipatu. Naufragoak saioak ez du arrakastarik izan ETB1en. Ez al da gehiago egingo?
Ez da bueltatuko, ez. ETBko zuzendaritza hartu nuenean, sare sozialetan ikusle batzuek Conquis-en euskarazko bertsio bat eskatzen zuten. Egin genuen saiakera, aurrekontu berdintsuarekin, baina ez zuen espero genuen arrakastarik lortu.
Beste reality-ren bat egingo al duzue euskaraz?
Oraingoz, ez. ETB2n beste reality berri bat egingo dugu, La casa izenekoa. Ikerketak egin ditugu, eta datuetan sakonduta, ikusi dugu reality-ak ez direla ETB1erako euskaldunek eskatzen dutena. Nahiz eta Conquis-ek euskaldunen artean arrakasta handia duen.
Zenbateko kuota du Conquis-ek euskaldunen artean?
%26,9ko ikusle kuota.
Jende asko dago euskarazko telesail baten zain. Noiz ikusi ahalko da Itxaso?
Irailean, Primeran plataforman. Donostiako Zinemaldian egingo dugu plataformaren aurkezpena. Oso pozik gaude Itxaso-rekin.
Primeran plataforman egongo al da euskaratutako atzerriko fikziorik?
Asko, gainera. Primeran-en fokua hiru eduki mota dira: telesailak, filmak eta dokumentalak. Dokumentaletan, badugu dezenteko bolumena. Fikzioa egitea garestia da, eta atzerrikoa gehiago egongo da. Fikzio asko erosi dugu. Viaplay plataformako edukiak jatorrizko bertsioan euskarazko azpidatziekin emango ditugu, eta atzerriko gainontzekoak, euskarara bikoiztuta.
Plataformako edukien zer ehuneko egongo da euskaraz?
%99. Salbuespen gutxi batzuk baino ez dira egongo euskarazko audio edo azpidatzirik gabe.
Bikoiztutako edukiak ez dira soilik haurrentzat izango, ezta?
Ez, erosi ditugun film eta telesail gehienak 18-35 urte arteko ikusleentzat dira. Haurrentzat, Makusi plataforma sortuko dugu datorren urtearen hasieran. Makusi ez da soilik plataforma bat izango: kluba ere izango du, aldizkaria, kaleko ekitaldiak...
Iruñean maiatzaren 4an egin zen jardunaldi batean, esan zenuen Primeran plataformarentzat bidelagun batzuk izango dituzuela: Tokikom, Euskadiko Filmategia, Zinemaldia... Nolakoa izango da haien ekarpena?
Tokikomen kasuan, haiek sortzen dituzten edukien artean egokienak ikusten dituztenak Primeran-entzat. Basque Culinary Centerrek ekoitzitako eduki batzuk egongo dira, eta beste batzuk koproduzituko ditugu. Donostiako Zinemaldian azken urteetan sariak irabazi dituzten film batzuk ere jarriko ditugu, adibidez.
Aipatu duzu Viaplayko fikzioa azpidatziekin egongo dela Primeran-en. Zergatik ez duzue hori egiten ETBren emankizun konbentzionaletan?
Euskararen normalizazioa da gure helburua, eta herritarrek ETB1 marka erakargarria ikustea. Argi ikusten dugu gazteek ez dutela telebista konbentzionalera jotzen filmak ikusteko. Erdarazko unibertsoan ez da gauza bera gertatzen, eta ETB2ko ikusleak adinez helduagoak dira. Atzerriko fikzioa ETB1en emateko hainbat saiakera egin ditugu, eta datuak oso-oso kaskarrak dira. Ordea, nahieran unibertsoan badago kontsumo bat. Beraz, atzerriko fikzioa kontsumitzeko aukera handiagoa dago plataforman baldin badaude. Atzerriko fikzioa euskaratuta Primeran-en egongo da, baina ez ETB1en.
Ikusle datuei garrantzi handia ematen diezu. Nola doaz?
Azkeneko bi urteetan, handitu egin da ETB1 ikusten duten euskaldunen ehunekoa: %4koa zuen duela bi urte, eta %5,1era igo da. Euskaldunen artean, telebista konbentzionala asko jaitsi da, baina, hala ere, ETB1 %25 hazi da. Martxan jarritako estrategia ondo doa. Hobetuz goazen bitartean, pozik egon gintezke.
Primeran mundu osoan ikusiko denez, euskal diasporarengana iritsiko da.
Bai, ni hamasei urtez egon naiz kanpoan, eta askotan sartzen nintzen EITBra edukiak ikustera. Atzerrian bizi diren euskaldunak buruan izango ditugu.
Plataforma erabiltzeko, erregistratu egin beharko da, ezta?
Bai, baina oso erraz egin ahalko da. Posta elektronikoko helbide bat eman, non zauden, eta adina. Doako plataforma izango da, baina legez adina eskatu beharra dago.
Unai Iparragirre. ETBko zuzendaria
«Primeran plataforman egongo da fikzio euskaratua, ez ETB1en»
EITBk irailean aurkeztuko du Primeran plataforma. Iparragirrek iragarri du filmak, telesailak eta dokumentalak izango direla ardatz nagusia —%99 euskarazko audioarekin edo azpidatziekin—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu