Aurten 200.000 harpidedun lortzea. Helburu hori du EITBren Primeran plataformak. Gaur egun, 132.500 herritar baino gehiago daude erregistratuta plataforman, Behategiaren urtekarian irakur daitekeenaren arabera. Ainhoa Santisteban Rendo da behin-behinean Primeran-eko zuzendaria —Alex Gibelaldek abenduan utzi zuen kargua eta EITB—, eta 2024: Urte emankorra Primeranentzat izenburuko artikulua idatzi du urtekarian.
Hainbat datu eman ditu Santistebanek: 2024. urtean, 1.185 eduki ordu jarri zituzten plataforman. Horien artean, 105 zinemako film luzeen orduak izan ziren; 757, telesailenak; eta 353, dokumentalenak.
Iazko abenduan, Primeran-eko erabiltzaileek 49.300 ordu kontsumitu zituzten, aurreko hilabetean baino 6.800 ordu gehiago.
Urtea amaitu aurretik 200.000 harpidedunen langa gainditu nahi dutela nabarmendu du plataformako zuzendari berriak: «Erabiltzaile berriak erakartzen jarraitu nahi dugu target estrategikoan arreta jarrita, gazteengan hain justu». Batez besteko kontsumoa eta konpromisoa ere handitu nahi ditu EITBren egitasmoak, «plataforma fidelizatuz eta sendotuz, eta edukiaren kontsumo tasa hilean bikoiztuz».
Eduki estrategiari dagokionez, batik bat musikari lotutako zuzenekoetan jarri nahi dute azpimarra. Aurten hainbat taldek egingo dituzten kontzertu handiak eman nahi ditu Primeran-ek. Gogoratu beharrekoa da, dena den, urtarrilean gertatu zena: Zetak taldearen Minotauroa ikuskizuna emango zuela iragarri zuen Primeran-ek, baina arazo teknikoengatik ezin izan zuten eman; ETB2 kateak eman zuen zuzenean.
«Lehentasunezkoa izango da euskal zinemagintza laguntzea, eta Primeran bilakatzea euskal zinema estreinaldien leihoa, pantaila handiaz harago», idatzi du Santistebanek.

Bestetik, ekoizpen originaletan egindako ahaleginean sakonduko duela iragarri du plataformako zuzendariak. «Primeran-ek, euskal ikus-entzunezkoen industriari laguntzeaz gain, euskarazko edukien kontsumoa sustatuko du, gazteen target-ari begirik kendu gabe». Primeran-en ekoizpen propioen artean, honako hauek daude: Dastattoo, sukaldaritza eta tatuajeen mundua elkartu dituen saioa, Maialen Caballlero tatuatzailearekin; Iban & Maite Beauty, Iban Garciak eta haren ama Maite Azpiazuk gidatutako elkarrizketa programa; Xabin Fernandezen Ardi beltza saioa; Nerea Aliasen Intimitatean elkarrizketa saioa; Odei Jainagak gidatutako Piztien artean; eta Xabier Madariagak aurkeztutako Krimenak: gure kronika beltza erreportaje saioa.
Zuzendari berria du orain Primeran-ek. Eta datozen hilabeteetan, eduki arduradun berria ere izango du —aurreko eduki arduraduna kaleratu egin zuen EITBk, azaroan—. Prozesu bat abiarazi du taldeak eduki arduradun berria hautatzeko. Lan deialdia ere zabaldu zuten; EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita! manifestuko sinatzaileen arabera, ez dute euskara eskakizunik egin lanpostu horretan. Baldintza bakarra da «gaztelania, euskara eta ingelesa jakitea», zehaztapen gehiago egin gabe.
Makusi unibertsoa
Behategiko urtekariaren artikuluaren amaieran, Makusi unibertsoaren gaineko lerro batzuk idatzi ditu Nerea Zendoia Elexpuru Makusiko arduradunak. Urtarrileko datuak aintzat hartuta, Makusi plataformak 36.345 harpidedun ditu —plataforma iazko apirilaren 26an jarri zuten martxan—. Litekeena da azkeneko asteetan kopuru hori handitu izana, Dragoi bola eta Txakur patruila saioak jartzeaz gain Irabazi arte telesaileko atalak lehenbizi plataforma horretan ari baitira estreinatzen. Joan den astean, One Piece animaziozko saioa ere estreinatu zuen Makusik.
Makusi unibertsoak bi zutabe nagusi dituela azaldu du Zendoiak: «Plataforma digitala eta kluba. Plataforman marrazki bizidunen eta telesailen ehun lan baino gehiago daude; 5.800 atal; 120 film... orotara, 1.700 ordu baino gehiago ikusgai». Makusirako propio ekoitzitako saioak badira, besteak beste, Potx eta Lotx pailazoen programa, Kalaxka aktualitatearekin lotutako magazina eta Power up! telesaila.
EITBk sortu duen azkeneko plataforma Guau da. Otsailaren 6an hasi zuen bidea, eta EITBren audio unibertso osoa eta euskal komunitatearen audio eta podcast produkzioak jasotzea du helburu. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak aurkezpenean iragarri zuen kirolekin lotutako egitasmo batean ari direla lanean.