«Jendeak gogoa du fikzioak euskaraz ikusteko. Eta gurpila berriro martxan jarri behar dugu». Alex Gibelalde Primeran plataformako zuzendariak hala esan du Crossover jaialdiaren lehen egunean, Donostian. Gibelalderekin batera, Sua Enparantza Irabazi arte telesaileko aktoreak eta Jon Olivares Toure detektibea telesaileko aktoreak parte hartu zuten Euskara, fikzioa eta Primeran solasaldian. Leire Arrojeria aritu zen aurkezle.
«Udazkenean hasiko da Primeran-en lehen etapa originala», iragarri du Gibelaldek. Azaldu duenez, 2025. urtean euskarazko lau telesail berri estreinatuko dira plataforman. Horietako bat Zeru ahoak izango da; Hondar ahoak-en jarraipena izango da. Nagore Aranburuk jokatuko du rol protagonista.
Primeran-eko arduradunak aipatu du hutsune bati erantzuten diola plataformaren bitartez hartutako bideak. «Fikzioa euskaraz ikusi ez duen belaunaldi bat galdu dugu». Enparantzak, esaterako, bere esperientziaren berri eman du: «Adin batera iristen zara, eta esaten duzu: zer daukat euskaraz ikusteko? Hutsune bat egon da».
Olivaresek Katalunia jarri du adibide moduan. «Katalanek fikzioa egiteko duten sentsibilitatea gurera ekarri, eta gurea egin». Aktoreari gustatuko litzaioke Primeran plataformarentzat telesail berriak egitea. «Bizkaian telesail asko grabatzen dira. Jar dezagun guk ere gure alea».
Telebista konbentzionalean, ETBk azkeneko urteetan egindako telesailak zuriak izan direla aipatu du Gibelaldek. «Primeran-en eduki probokatiboak egiten ere ausartu behar dugu» . Haren iritziz, euskarazko fikzioan esperimentatu egin beharko litzateke. Fikzioaz gain, Primeran-en saio original ugari ekoitziko dituzte datorren denboraldian.
Makusi, ostiralean
Makusi plataforma digitala eta kluba aurkezteko ekitaldi bat prestatu du ostiralerako EITBk. Komunitate berri horretan entretenimendua izango dute nagusi, euskaraz; eta etxeko txikienek modu seguruan biziko dituzte Interneteko esperientziak. «Makusik gure hizkuntzan eta kulturan murgiltzeko aukera eskainiko die haur eta gazteei, edukien eskaintzarik onenarekin eta puntako teknologia erabilita, gailu eta ingurune guztietatik sartu ahal izateko». Plataforma digitala eta kluba martxan izango dira ostiraletik aurrera www.makusi.eus webgunean. Makusik hiru saio propio izango ditu bere plataforman: Potx eta Lotx pailazoen programa, Kalaxka gaztetxoentzako aktualitateko magazina eta Power Up bideojokoen munduan oinarritutako telesaila.