Primeran-ek 'Vaya semanita 20 urte' estreinatuko du gaur

Dokumental bat egin dute ETB2ko umore programaren 20. urteurrena ospatzeko

Vaya semanita-ko aktore taldea, Andoni Agirregomezkorta aurkezle zenean. PRIMERAN.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko urriaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

2003. urtea zen, beste garai bat, eta umore saio bat ahoz aho zabaltzen hasi zen. Nahiz eta lehen hilabeteetan nahiko oharkabean pasatu zen, ETB2ko Vaya semanita programak ikus-entzule ugariren arreta bereganatu zuen. Bigarren denboraldiak sekulako ikusle datuak lortu zituen, eta Euskal Herritik kanpo ere iritsi zen saioko esketxen oihartzuna. Programa sortu eta hogei urtera, Pausoka ekoiztetxeak Vaya semanita 20 urte dokumentala egin du. Primeran plataformak gaur estreinatuko du lana.

 

Julene Aranburuk zuzendu du dokumentala. Urte askoan Vaya semanita-ko gidoilaria izan zen Aranburu, hirugarren denboraldian hasita. Saioaren hasieran parte hartu zuten aktoreetako batzuk elkarrizketatu dituzte dokumentalerako: Oscar Terol, Gorka Otxoa eta Maribel Salas, besteak beste. Garai hartako gidoilariak eta ETBko arduradun batzuk ere bai.

Gainera, Vaya semanita fenomenoa izan zen duela bi hamarkada, eta Euskal Herriko hainbat pertsonak hura nola bizi izan zuten kontatuko dute. Saioak gizartean izan zuen eragina aztertuko dute dokumentalean. Horretarako, Iñaki Gabilondo kazetariaren, Anne Igartiburu TVEko aurkezlearen eta El Gran Wyoming La Sextako aurkezlearen hitzak tartekatuko dituzte. Beste hainbat pertsona ezagun elkarrizketatuko dituzte.

Saioan ikurra izan ziren esketx batzuk ere hautatu dituzte. Besteak beste, El Pelanas, Jonan, Nekane Amaya, La cuadrilla, Euskolegas, La familia de Valladolid eta Los Batasunis deituriko fikziozko pertsonaien esketxak ikusi ahalko dira dokumentalean.

Pausoka ekoiztetxea beste dokumental bat prestatzen ari da, baina kasu horretan Go!azen telesailaren fenomenoaren gainekoa. Hamargarren denboraldira iritsi da neska-mutikoentzako fikzioa, eta orain arte egindako bidea aztertuko dute erreportajean.

Beste hiru telesail

Primeran plataforman, bestalde, Euskal Herriko ekoizpen propioez gain, atzerriko hainbat eduki ari dira gaineratzen katalogoan. Gaurtik aurrera beste hiru telesail egongo dira ikusgai, euskarara bikoiztuta zein jatorrizko bertsioan euskarazko azpidatziekin: Crazy Fun Park, Picnic at Hanging Rock eta Nordland'99.

Hiru fikzio horietako lehen biak Australiakoak dira. Crazy Fun Park-ek hamar atal ditu, eta istorioa hasten da gazte bat bat-batean parke abandonatu batean hiltzen denean. Nicholas Versok sortu eta zuzendutako fikzio bat da. Picnic at Hanging Rock sei ataleko telesail bat da: udako piknik batean, Australiako neska eskola bateko ikasle batzuk eta irakasle bat arrastorik utzi gabe desagertuko dira.

Nordland'99 Danimarkako telesailari dagokionez, 1999an dago girotuta. Gazte bat desagertu egingo da, eta haren lagunek kontu beldurgarriak deskubrituko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.