Ikus-entzunezkoak

Primeran-ek 'Mirande, film bat egiteko zirriborroa' estreinatuko du etzi

Josu Martinezek zuzendutako dokumentalean, idazlea bera jarri dute hizketan, Peio Bereterretxe aktorearen bitartez.

'Mirande, film bat egiteko zirriborroa' dokumentala. BERRIA
'Mirande, film bat egiteko zirriborroa' dokumentala. BERRIA
urtzi urkizu
2024ko ekainaren 4a
05:00
Entzun

Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten iazko irailean Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentala, Zinemira sailaren bukaerako emankizunean. Ondotik, hainbat proiekzio egin zituzten herrietan. Ostegunetik aurrera, berriz, EITBren Primeran plataforman ikusi ahalko da, doan. Jon Mirande euskal idazlea (Paris, 1925-1972) da filmaren ardatza eta jomuga.

Josu Martinezek zuzendu zuen dokumentala, eta Miel Angel Elustondorekin batera aritu zen gidoia osatzen. Martinezek zera esan zuen irailean, dokumentala estreinatzear zela: «Oso gustura irakurri nituen Miel A. Elustondok hildakoei egindako elkarrizketak, BERRIAn. Dokumental faltsu bat egitea ere bururatu zitzaidan, baina ez nuen argi. Artefaktu bat bilatu behar nuen Mirande entzuteko, Mirande bere hitzak izanik, baina ez nuen modu aspergarrian egin nahi». Azkenean, aktore bat jarri eta hari elkarrizketa egitea deliberatu zuen zinemagileak: filmean Peio Bereterretxe aktoreak egiten du Miranderena.

Beste alde batetik, hainbat lagun ageri dira Miranderi buruz hizketan dokumentalean. «Ez nuen epaiketa bat nahi; ez naiz epaile, ezta polizia ere», dio Martinezek. Jon Mirande asko daudela nabarmendu du dokumentalaren zuzendariak: «Nazi bretoiekin, idazle euskaldunekin edo gurasoekin, aurrean zeukanaren arabera aldatzen zen. Niretzat, lekuz eta garaiz kanpoko pertsona izan zen, eta guztiz zorigaiztokoa». Edonola ere, «goi mailako literatura euskaraz» egin zitekeela demostratu zuen pertsona gisa definitu du zinemagileak.

Dokumentalaren ekoizleak Tentazioa eta Gastibeltza Filmak dira. Joserra Senperenarena da musika. Argazki zuzendaria, berriz, Hibai Castro da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.