Ikus-entzunezkoak

Primeran-ek Kepa Junkeraren inguruko dokumental saio bat estreinatuko du

'Berpiztu' dokumental saioa lau atalez osatua dago. Bihartik aurrera egongo da ikusgai Primeran doako plataforman.

'Kepa Junkera. Berpiztu'
'Kepa Junkera: Berpiztu' dokumentala.
urtzi urkizu
2023ko abenduaren 13a
14:00
Entzun

Kepa Junkera musikariak iktusa izan zuen duela bost urte. Eszenatik irten zen orduan, baina musikariak sortzen jarraitzen du gaur egun. Junkeraren gertuko pertsonen lekukotza lagun, EITBren Primeran plataformak Berpiztu izeneko dokumental saioa estreinatuko du bihar.

Musikariaren sustraietara joz hasten da dokumental saioa. Trikiti lehiaketetako lehen emanaldiak ikusi ahalko dira. Bigarren atalean, Junkeraren ibilbide luzea errepasatzeaz gain, iktusaren ondoren bere errekuperazio prozesua nolakoa den erakutsiko dute. Senideak eta lagunak azalduko dira hizketan. Hirugarren atalean, Junkerak musika bidaide izan dituenak azalduko dira. Ikus-entzunezko bidaia horretan, Junkeraren egunerokoa nolakoa den erakutsiko dute. Busturiko (Bizkaia) bere etxean azalduko da Junkera hizketan, Oliene baserrian. Laugarren atalean, azkenik, musikariaren sormenaren ertz guztiak aztertzen saiatuko dira.

Bihar bertan, Junkerak Fidias fundazioarten aldeko elkartasun ekitaldi batean parte hartuko du, Bilbon. Mediolanum fundazioaren egoitzan izango da ekitaldi hori, 19:30ean.

Iazko irailean, Donostiako Zinemaldian, Fermin Aiok Kepa Junkera: Berpiztu dokumentala aurkeztu zuen. «Lortu dugu Keparen ibilbidea ondo kontatzea, eta hori ondo nahastuta dago haren oraingo egoerarekin», esan zion Aiok BERRIAri. Dokumental haren egokitzapena da bihar Primeran-ek estreinatuko duen saioa.

 

Primeran plataformak, bestalde, beste estreinaldi bat egingo du aste honetan. Memoria historikoarekin lotutako Desagertuak, norenik gabeko lurpean dokumentala sareratuko du larunbatean. Bad education telesailaren atalak ere ikusgai jarriko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.