Ikus-entzunezkoak

Primeran-ek 'Iban & Maite Beauty' estreinatuko du etzi

Iban Garciak eta haren ama Maite Azpiazuk elkarrizketa informalak egingo dituzte ile apaindegi batean. Gazteei euskal erreferenteak gerturatu nahi dizkiete.

'Iban & Maite Beauty' Primeran plataformako saioko bi gidariak. PRIMERAN
'Iban & Maite Beauty' Primeran plataformako saioko bi gidariak. PRIMERAN
urtzi urkizu
2024ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun

Iban Garcia influencer gazteak eta haren ama Maite Azpiazuk programa berri bat gidatuko dute igandetik aurrera EITBren Primeran plataforman: Iban & Maite Beauty. Maiatzean eta ekainean sei atal emango dituzte, eta hurrengo sei atalak irailetik aurrera iritsiko dira. Atal bakoitzak hogei minutuko iraupena izango du.

Euskal Herriko pertsona ezagunak izango dituzte saioan, ile apaindegi batean. Eta itxura aldaketa ikusgarriak egingo dizkiete. Saioko zuzendariak Ana Goitia eta Aitor Ormaetxea dira. Goitiak iragarri du «formatu entretenigarri» bat dela. «Gazteek telebista konbentzionalean aurkitzen ez duten saio bat topatuko dute Primeran-en. Euskal kulturako eta kirol arloko erreferenteak hurbildu nahi dizkiegu gazteei, programa entretenigarri baten bidez». Gonbidatua ile apaindegi batean jasoko dute, eta bi gidariek denetarik galdetuko diote. «Saioan barre egiteko uneak egongo dira. Kontu ezerosoak ere izango dira».

Azpiazuk ile apaindegi batean egin zuen lan hainbat urtez, baina gaur egun ez da horretan ari. «Ideia hortik sortu zen», aitortu du Goitiak. Haren seme Iban Garcia ezaguna da Interneteko sare sozialetan. «Garciaren esentzia ikusiko dugu saioan: oso baikorra eta langilea da. Hori transmititu egiten du saioan. Bestetik, Garcia oso egokia da Primeran plataformarako».

Igandean, aurreneko atalean, Odei Jainaga xabalina jaurtitzailea gonbidatuko dute. «Olinpiar Jokoetan parte hartzen duen kirolari bat ezagutu ahalko da. Benetan nolakoa den ezagutuko dute ikus-entzuleek, eta normalean kontatzen ez diren gauzak kontatuko dituzte», esan du Goitiak.

Primeran plataformak iragarri du elkarrizketak «originalak» izango direla. «Izugarrizko ikuskizuna» prestatu dutela azaldu dute. Goitiak ere uste du ez direla ohiko elkarrizketak izango. «Saioa adin guztietarako egokia dela esango nuke. Familia osoarentzako da», gaineratu du. Era berean, programako zuzendariak adierazi du «inork espero ez dituen gonbidatuak» ere izango direla saioan. «Inoiz ez baitira joaten horrelako saioetara».

Goitiak, era berean, nabarmendu du Iban & Maite Beauty saioak presentzia izango duela Interneteko sare sozialetan. «Iban Garciarekin ezin zuen bestela izan».

'Unicorn Wars' filma

Aste honetan, Primeran plataformak badu beste berrikuntza bat: Unicorn Wars animaziozko filma euskaraz aurkitu daiteke atzotik plataformako katalogoan. Alberto Vazquez zuzendariaren lan horrek hainbat sari jaso zituen; tartean, 2023an animaziozko film onenaren Goya saria. Musika Joseba Beristainena da. Hartz txiki batzuen eta adarbakarren arteko gerra baten istorioa kontatzen du. Gerraren aurkako fabulatzat definitu izan dute. Ez da haurrentzako film bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.