Primeran-ek eta ETB2k ETSren larunbateko kontzertua emango dute

Barakaldoko BEC erakustazokan En Tol Sarmientok eskainiko duen kontzertua zuzenean ikusteko aukera emango du EITB taldeak.

ETS taldearen bira amaierako kontzertua, martxoaren 15ean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
ETS taldearen bira amaierako kontzertua, martxoaren 15ean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko martxoaren 18a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

En Tol Sarmiento musika taldearen hogeigarren urteurrena ospatzeko, hiru kontzertu antolatu zituzten Barakaldoko BEC erakustazokan. Joan den larunbatean egin zuten aurrenekoa, ostiralean egingo dute bigarrena, eta hirugarrena eta azkena zuzenean emango du EITB taldeak: Primeran plataformak eta ETB2 kateak zuzenean emango dute ETSren kontzertu berezi hori. Baita Eitb.eus webguneak eta Guau plataformak ere.

Larunbaterako egun osoko festa antolatu du ETSk. «Herriko jai bat eskainiko dugu, baina ETSren ikuspuntutik», esan zuen Iñigo Etxezarreta kantariak hiru kontzertu horien aurkezpenean. Herriz herriko ibilbideak inspiratu ditu taldekideak kontzertuak antolatzeko. «Herriko jaietako esperientzietan jaso ditugun ohiturak, dantzak eta edertasun kulturala ikuskizunean irudikatu nahi ditugu», dio Etxezarretak. Joan den larunbateko kontzertua izan zen horren erakusgarri: BEC erromeria plaza bihurtu zuten.

Kontzertu handi horietarako, halaber, hainbat musikarik parte hartuko dute: Andoni Ollokiegi, Gozategi, Iñaki Ortiz de Villalba, Idoia Asurmendi, Josune Arakistain Sune, Uxue Amonarriz eta Pello Reparazek, besteak beste.

EITBren larunbateko emankizuna 21:30ean hasiko da. Hemezortzi kamera erabiliko dituzte emanaldia grabatzeko, eta 30 profesional ariko dira horretan beharrean. 4K unitate ibiltariak hemezortzi kamera horien seinalea emango du. Hortaz, 4K bereizmenean emango dute kontzertua, HBBTV bitartez. Emanaldia Xabier Garcia Ramsden kazetariak aurkeztuko du.

Astean zehar, EITBko hedabideek ETSren ibilbidearen inguruko programazio berezia emango dute.

Haurrak ETS taldearen bira amaierako kontzertuan.
Gaztetxo ugari izan ziren ETS taldearen bira amaierako kontzertuan, martxoaren 15ean, Barakaldon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Argiei, soinuari, eta batez ere ikus-entzunezkoei dagokienez, uste dut orain arte sekula ikusi ez den emanaldi bat izango dela», iragarri zuen Etxezarretak. Joan den larunbatean Barakaldon bildu zirenek gozatu ahal izan zuten horretaz, eta datorren asteburuan BECera joan ezin dutenek ETB2n eta Primeran plataforman ere ikusi ahalko dute. Erakustazokan, berriz, hiru egunetan 45.000 lagun elkartzea lortuko du musika taldeak. Datorren urtean kontzertuei ekingo die.

Primeran plataforman beste estreinaldi berezi bat egingo dute aste honetan: ostegunean jarriko dute katalogoan Muerte en Amara dokumentala. 1960ko ekainean Begoña Urroz haurra hil zen atentatua nork egin zuen azaltzen du lanak. Nerea Garcia da dokumentalaren produktorea, eta Aitor Gonzalez zuzendari eta gidoilaria.

'Mitoaroa'-ren ondorengoa

EITB taldeak beste ikuskizun handi bat eman zuen urtearen hasieran: Zetak taldeak Mitoaroa ikuskizuna eraman zuen Iruñeko Nafarroa Arenara urtarrilaren 3an eta 4an, eta bigarren kontzertua ETB2 kateak eman zuen zuzenean; Primeran plataformak ere iragarri zuen ikuskizun hori emango zuela, baina, arazo teknikoak tarteko, ez zuen ematerik izan.

Ikusle datu oso onak izan zuen ETB2ko emankizun hark: Euskal Autonomia Erkidegoan, Mitoaroa-k %10,7ko ikusle kuota lortu zuen —euskaldunen artean, %17,6koa—; eta Nafarroan, %14,4ko kuota —euskaldunen artean, %56koa—. Audientzia metatua 275.000 lagunena izan zen, hau da, herritar horiek guztiek ikusi zuten uneren batean euskarazko kontzertua ETB2 katean. Hogeita hiru kamera erabili zituzten Pello Reparazek eta haren taldekideek prestatutako ikuskizuna eman ahal izateko. Ikuskizuna Primeran-en dago ikusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.