Primeran-ek 'Barraka' umorezko 'late night'-a estreinatuko du igandean

Iker Plazaolak aurkeztuko du saio berria. Igandeetan zabalduko dituzte atalak. Donostiako antzoki batean grabatuko dute.

Iker Plazaola, 'Barraka' saioko aurkezlea. HIRU DAMATXO
Iker Plazaola, 'Barraka' saioko aurkezlea. HIRU DAMATXO
urtzi urkizu
Donostia
2024ko azaroaren 12a
11:00
Entzun

Euskaldun askok espero zuten formatua iritsi da Primeran plataformara. Igande honetan, Barraka izeneko late night ikuskizuna estreinatuko du plataformak. Iker Plazaolak aurkeztuko du saioa, eta kolaboratzaile zirtolariak izango ditu.

Hiru Damatxo ekoiztetxearen formatu bat da Barraka. Lander Arretxea izango da zuzendaria, eta hark nabarmendu du late show baten osagaiak izango dituela: «Aurkezle bat, beren burutazioak ekartzen dituzten kolaboratzaileak, eta gonbidatuak, beste formatu batzuetako eskema zurrunetatik kanpo aritzeko gogoz datozenak. Horrez gain, eragin handia duena da antzoki batean egiten dugula, publikoarekin eta publikoarentzat. Ikus-entzunezko saio bat bezainbeste da zuzeneko ikuskizun bat; horrek kontrolaezinagoa bihurtzen du, eta horrek umorerako giro askeago bat sortzen du, platoetan egiten diren saioekin alderatuta».

Azaroaren 6an Donostiako Gazteszenako antzokian grabatu zituzten lehen bi atalak. Giro oso ona nabari zen han, eta publikoak lagundu zuen horretan. Publikotik Antton Telleria lehen gonbidatua zirikatzen ausartu zenik ere bazen. Bigarren gonbidatua Olaia Inziarte musikaria izan zen, eta barre algaraka jarri zituen antzokiko ikusleak.

Antton Telleria eta Iker Plazaola Barraka saioaren grabaketan
Antton Telleria eta Iker Plazaola, Barraka saioaren lehen atalaren grabaketan.

Nolakoa izango da saioko umorea? Arretxeak erantzuna: «Alde batetik, zirikatzailea, baina geure buruarekin berarekin hasita. ETBren joerez, Primeran-ez, saioaren gabeziez edo aurkezlearen ezaugarriez umorea egitea ohiko heldulekua izango da. Eta ikuspegiari dagokionez, askotarikoa izatea nahi genuke. Aurkezleak badu bere umore edo joera propioa, noski, baina kolaboratzaileen tarteetan haiek dira protagonista, eta nork bere begirada eta umore mota ekarriko du saiora». Alde horretatik, kolaboratzaile multzo ahalik eta zabalena nahi dute osatu saioz saio. «Eta molde desberdinak probatu, kolaboratzaileengan konfiantza jarrita».

Txisteei edo burutazioei baino garrantzi handiagoa ematen diete aurkezlearen eta besteen arteko interakzioan sortzen diren egoerei. «Hor gidoiak pisua galtzen du, eta partaideen izaerak betetzen du saioa», gaineratu du Arretxeak. Danel Galdaera Danelicious-ek une batean esaten du, erdi barrezka: «Hau ez zegoen gidoian, baina...».

Hiru Damatxok jomugan duen publikoa gaztea da, eta beste hizkuntza batzuetan egiten diren umorezko edukiak kontsumitzen dituena. «Lantaldean gaudenok ere gazteak gara, eta edukia Primeran-erako ekoitzi dugu, ETBren ohiko publiko helduagoari begiratu gabe. Baina uste dut publiko helduago batek ere erakargarriak zaizkion osagaiak aurkituko dituela bertan».

Platoaren itxura late night batena da, eta badu antza une honetan TVEn arrakasta handia duen saio batekin. «La Resistencia edo La Revuelta-ren traza hartzen badio inork, gauza batzuk ondo egin ditugun seinale izango da; proiektu honetan gauden ia denontzat lehenengo late show-a baita, eta gure aurrekontua askoz mugatuagoa baita haiena baino», gaineratu du Barraka-ko zuzendariak.

Danaelicious eta Iker Plazaola Barraka saioan
Iker Plazaola eta Danel Galdaera, Barraka saioaren grabaketa batean. HIRU DAMATXO

Baina Arretxearen arabera, David Broncanok eta konpainiak nazioartean egiten diren beste formatu batzuk hartu dituzte erreferentzia gisa. «Eta guk ere bai: dozenaka late night begiratu ditugu honi forma emateko prozesuan. Izatekotan, aitortu dezakeguna da La Revuelta-k TVEn izan duen arrakastak balio izan digula sinesteko guk egin nahi genuen horren aukeretan, eta bidea erraztu diola proiektuari».

Iker Plazaola eta hiru kolaboratzaile finko

Aurkezleari dagokionez, gaztea da Iker Plazaola, baina ez zaio eskarmenturik falta halako lanetan. Zarramarra podcastean aritu izan da gidari, eta stand up-ean ere egin du bere bidea. Eta, gainera, gisa honetako edukien zale amorratua da. Arretxearen arabera, oso ondo ulertu du zein den saioan hartu behar duen jarrera. «Eta asmatzen ari dela uste dut: bai kolaboratzaileen zirtoak jasotzea tokatzen zaionean, eta baita gonbidatuei elkarrizketak egiteko moduan ere».

Maria Blanco, Danel Galdaera eta Julen Goldarazena Flako izango dira saioko hiru kolaboratzaile nagusiak. Baina, horiez gain, Hiru Damatxoren asmoa da saioz saio jende gehiago sartzea, gutxienez hamarreko bat osatu arte. Maialen Sorzabalbere, adibidez, bigarren atalean azalduko da Mihiluze-ko bitxikeria batzuk umorez programara eramaten, estilo oso librean.

Maria Blanco eta Iker Plazaola Barraka saioan
Maria Blanco eta Iker Plazaola, Barraka saioko lehen atalaren grabaketan. HIRU DAMATXO

Gonbidatuei dagokienez, sarri esaten da euskarazko telebista saioetan beti jende bera agertzen dela. «Badaukagu herri honetan joera beti artista eta famatu berberekin bueltaka aritzekoa. Gu saiatuko gara horrekin pixka bat apurtzen», dio Arretxeak. «Alde batetik, telebistan ohikoagoak diren gonbidatu batzuk ekartzeko asmoa dugu, baina nahi genuke telebistan erakusten dutenaren bestelako aurpegi bat eta jarrera bat erakustea. Eta, beste alde batetik, jende gaztea ere nahi genuke ekarri: musikariak, aktoreak, kirolariak... Ea lortzen dugun telebistan eroso egon ohi ez den jendea ere gurera etortzeko gogoz egotea».

Beste telebista batzuetako late night askok aktualitatea dute oinarri. Baina Barraka grabatua da. Hortaz: «Guk beste helduleku batzuk bilatu behar izan ditugu umorerako. Baina grabatua den arren, zuzenekoa da, eta ez dugu mozten ez ezer errepikatzen. Horrek emango dio benetakotasuna saioari».

Karkarkar

Barraka-ren lehen denboraldiak hamar atal izango ditu. Ikusteko dago jarraipena izango duen ala ez. Itxaropentsu dago Arretxea: «Guretzat erronka bat da, eta lan asko dago egiteko oraindik, baina uste dut badaukagula oso garrantzitsua den zerbait: jende ona eta gogotsu dagoena. Kodeak konpartitzen dituen lantalde bat dago atzean, tonua oso ondo harrapatu dion aurkezle bat, eta kolaboratzaile talde oso motibatu bat». Gidoilari-erredaktoreak Beñat Iturbe, Jone Bengoa, Asier Kortabarria eta Elba Berganza dira.

Gogoratu behar da Hiru Damatxon orain urte eta erdi inguru hasi zirela Karkarkar stand up probalekua antolatzen, Donostiako Dokan lehenengo, eta beste hainbat tokitan gero. «Orain kolaboratzaile edo gidoilari diren asko bertan ezagutu genituen guk, baita Iker Plazaola bera ere. Espazio informaletan sortu diren harremanak eta umorerako kode konpartitu batzuk daude proiektu honen oinarrian, eta dirudien baino garrantzitsuagoa da hori». Ez da kasualitatea, beraz, Hiru Damatxok Barraka sortu izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.