Primeran-ek 'Argizaiola' saioa estreinatu du gaur

Misterioa eta umorea uztartuko dituzte sei ataletan. Mikel Pagadizabalek eta Aitziber Gradosek aurkeztuko dute.

Mikel Pagadizabal eta Aitziber Grados 'Argizaiola' saioko aurkezleak. ORIO PRODUKZIOAK
Mikel Pagadizabal eta Aitziber Grados 'Argizaiola' saioko aurkezleak. ORIO PRODUKZIOAK
urtzi urkizu
2025eko otsailaren 10a
10:00
Entzun

Mikel Pagadizabalen gai kutun ugari landuko dituzte gaurtik aurrera Primeran plataforman Pagadik berak eta Aitziber Gradosek Argizaiola saio berrian. «Beti izan dut misterioaren inguruko afizioa: zeruko argiak, Ama Birjinaren agerraldiak eta bestelakoak», dio Pagadik. Euskal Herrian gertatutako kontuak eramango dituzte programa berrira, «ironiarekin eta umorearekin jokatuz». Orio Produkzioak ekoiztetxearen saio bat da, eta lehen denboraldiak sei atal izango ditu. Atal bakoitza 30-40 minutu artekoa izango da. Aurreneko atala ikusgai dago jada EITBren plataforman.

Leire Leturia kriminologia irakasleak ere parte hartuko du saioan. Pagadik azaldu duenez, musikari bezala ezagunagoa da Leturia, baina Kriminologia Fakultatean ematen ditu eskolak. Garai bateko Euskal Herriko krimenen berri emango du Leturiak saioan.

Mikel Pagadi eta Leire Letu Argizaiola saioan
Argizaiola saio berriaren irudi bat. ORIO PRODUKZIOAK

Bestalde, Esti Vivanco irakasle eta idazlea ere kolaboratzaile finkoa izango da. «Bilbo inguruko misterioetan oso aditua da», aipatu du Pagadik. 

Saioko zuzendariak Pagadi bera, Guille Sanchez eta Luis Oiartzabal dira. Hirurak ETB1eko Herri txiki, infernu handi saioan elkarrekin aritzen dira lanean.

Aginagan grabatu dute

Grabaketak Aginagako (Usurbil, Gipuzkoa) ermitan egin dituzte. Kultur areto bihurtu dute ermita hori, eta saioko aurkezleek nabarmendu dute «atmosfera berezia» sortzen dela bertan: «Oso toki polita da. Argiztapena ere ederra da».

Pagadiren gai gustukoenen artean, adibidez, naziak eta Euskal Herria lotzen dituzten kontuak eramango dituzte programara.

Iker Jimenezek (Gasteiz, 1973) urte asko daramatza Cuarto milenio izeneko saioa aurkezten Espainiako kate pribatu batean. Gaiak berdintsuak izango diren arren, tonua arras desberdina izango dela iragarri du Pagadik: «Hark serio hartzen ditu kontu hauek. Guk ez hain serio; akaso, gauza batzuk bai, baina Jimenezen saioan ez da umore handirik izaten, eta gurean bai. Nire umore propioa izango dugu Argizaiola-n». Aurkezlearen estiloa erraz nabarituko du ikus-entzuleak.

Primeran plataformako Argizaiola saioa
Aginagako (Usurbil) ermita bat izandako aretoan grabatzen dute Argizaiola saioa. ORIO PRODUKZIOAK

Argizaiola-ren formatua duen euskarazko beste saiorik ez da egin orain arte. Pagadik, behintzat, ez du buruan halakorik egin denik. «Agian egin da antzekoren bat euskaraz, baina ez dut erreferentziarik. Beste hizkuntza batzuetan egin diren programak eta dokumentalak hartu ditut aintzat». Aurkezleari iruditzen zaio ona dela euskarazko formatuetan aniztasuna egotea. «Formatu propioak euskaraz ikusi ahal izateak ilusioa egiten du; kasu batzuetan beste toki batzuetatik hartu eta egokitutakoak izango dira, eta beste batzuetan, guk sortutakoak».

Pagadik jarraitzen du ETB1en Herri txiki saioa aurkezten, Miren Nogalesekin batera. Ilusio berezia eman dio, edonola ere, Argizaiola egin ahal izateak: «Nire gai kutunak dira, eta nire sinadura hor utziko dut. Nire uztako programa bat dela esan daiteke». Etorkizunean saioarekin jarraitzea gustatuko litzaioke Pagadiri: «Ea jendeak nola hartzen duen. Gu oso gustura gelditu gara taldean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.