Ikus-entzunezkoak

Primeran-ek 'Ainarak' dokumentala estreinatuko du gaur

Ritxi Lizartza filmaren zuzendariak esan du 'Ainarak' ETB1en ematea litzatekeela «ederrena».

'Ainarak' dokumentala.
'Ainarak' dokumentala. MALUTA FILMS
urtzi urkizu
2024ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun

1870 eta 1930 bitartean, Nafarroako eta Aragoiko (Espainia) mendialdeko milaka emakumek Maulerako bidea hartzen zuten urriaren hasieran, espartingintzan jarduteko, eta udaberriko elurrak urtu arte ez ziren etxera itzultzen. Neska eta andre haiei ainarak deitu izan zaie, hegaztien antzeko migrazioa egiten zutelako eta beltzez jantzi ohi zirelako. Haien historia jaso zuten Ritxi Lizartzak eta Juan San Martinek Ainarak dokumentalean. Film hori Primeran plataformaren katalogora iritsiko da gaur.

2022ko azaroaren 25ean estreinatu zuten dokumentala zinema areto komertzialetan. Lizartzak adierazi duenez, filma oraindik ere ari da ibilbidea egiten aretoetan. «Gaiarekin lotutako jaialdietan, gainera, ondo funtzionatu du». Emankizunetan, Anne Etxegoien dokumentaleko aurkezleak Ainarak proiekturako bereziki sortutako abestiak kantatu ohi ditu. «Fokua jartzen digu hondar aleak bezala atzamarren artean kontatu gabe ihes egin diezaguketen istorioetan», aipatu du zuzendari eta ekoizleak.

Emakume migrazio berezi baten kontakizuna egiten du dokumentalak. «Emakume migrazioa, sasoikoa eta arrazoi ekonomikoengatik gertatutakoa biltzen du», azaldu du Lizartzak. Espartingintzan aritu ziren neska eta emakume haiei egindako omenaldi bat da filma. «Haiek ere isilpean gorde izan dute askotan beren historia kolektiboa. Denak hilda daudenez, Etxegoien ari da narraziogile, eta haien bidea egiten du oinez, herriz herri, adituekin, lekukoekin eta herritarrekin hitz eginez».

Maluta Films eta 601 Producciones ekoiztetxeek egindako dokumental bat da Ainarak. 15 urtetik aurrerako neskak joaten ziren Zuberoako hiriburura lanera, baina 12 urte ingurukoak ere joaten ziren tarteka. Bidaian ez ezik, Maulen ere baldintza gogorrak izaten zituzten. Gehienak lauzpabost urtez aritzen ziren lanean.

Maluta filmseko ekoizle Lizartza «poz-pozik» dago dokumentala Primeran plataformara iritsi delako. «Baina badaude batzuk, askotan gure hartzaile leialenak, plataformarekin moldatzen ez direnak. Filma ETB1en ematea izango litzateke ederrena, eta bertan ere programatzea espero dugu».

Dokumentalaz gain, nabarmentzekoa da Ainarak.eus webdokaren proiektua. Gaiarekin lotutako informazio ugari topa daiteke bertan.

Eduki berri gehiago

Primeran plataformak eduki berri gehiago ere sareratuko ditu gaur: Urrearen ihesa filma, euskarazko azpidatziekin; FITeran saioaren atal berriak; eta El Conquis 20 erreserban programa —El conquistador del fin del mundo ETB2ko reality-ko lehiakideekin egindako elkarrizketak—. Isma Pereira eta Oizeder Mayores aurkezleen eskutik, aste berean kanporatua izan den lehiakidea auto batean sartu eta umorez beteriko elkarrizketa egingo diote, baita kantarazi ere. 15-20 minutu inguruko iraupena izango du, eta ostiralero ikusgai izango da Primeran-en.

Gure Zirkuaren inguruko saioa ere Primeran-en jarriko dute, ETB1eko emanaldiarekin batera. Lehen atalak harrera beroa izan zuen igande gauean: %2,6ko ikusle kuota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hurrengo hiru atalak ere Primeran-era iritsiko dira, ETB1en eman ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.