Primeran plataformak 100.000 erabiltzaile erregistraturen langa gainditu du

Primeran doako plataforman, edukien %91k euskarazko audioa dute. Katalanezko 3Cat plataformak milioi bat erabiltzaile erregistraturen marka gainditu du.

Primeran plataformaren menua. BERRIA
Primeran plataformaren menua. BERRIA
urtzi urkizu
2024ko uztailaren 12a
15:00
Entzun

Primeran plataforma harrera ona izaten ari da bere lehen urtean: dagoeneko 100.000 herritar erregistratu dira bertan. Hamar hilabetean gainditu du marka hori EITBren doako zerbitzuak. 100.000. zenbakia duen erabiltzailea saritu egin dute; era berean, beste sari bat zozkatuko dute Instagrameko @pr1meran kontuan. Bozgorailu bat zozkatuko dute parte hartzaileen artean.

EITBk sortutako plataforman 7.000 eduki inguru daude —saioen edo telesailen atalak ere badira kontaketa horretan—. Horietatik, %95 euskaraz daude; %91k euskarazko audioa dute, eta gainerakoek, azpidatziak.

Talde publikoak iragarri duenez, 200.000 harpidedunen langari begira jarri da Primeran, «ikusleen aldetik izandako harrera bikaina ospatzeaz batera». Sariak ere jaso ditu plataformak hilabeteotan: Euskal Kazetaritza sarietan, 2023ko Kazetaritza Digitala saria jaso zuen, eta berriki OTT Proiekturik Onenaren Saria jaso du TM Broadacas 2024 nazioarteko sarietan.

Primeran plataformak berrikuntza gehiago izango ditu datozen egunetan: hilaren 18tik aurrera, zuzeneko streamingak emango ditu. Aurrenekoak Donostiako Dantz Festival musika jaialdikoak izango dira. Musika elektronikoko emanaldia egingo du Primeran-ek Donostiako Sagues auzotik, hilaren 18an, 20:30etik 22:00etara. Astero, Primeran eduki berriak ari da katalogoan gaineratzen —aste honetan, adibidez, Victor Iriarteren Batez ere gauez filma iritsi da—.

Kataluniako 3Cat plataformak, bestalde, egunotan gainditu du milioi bat erabiltzaile erregistraturen langa. Kataluniako talde publikoak, gainera, akordio bat egin du kulturaren munduko hamazazpi erakunderekin haien edukiak 3Cat-en txertatzeko; egunotan, erakunde horien 270 lan gaineratu dituzte plataforman.

Atzerriko plataformak

Atzerriko streaming plataforma batzuetan, bestalde, bada aukera film eta telesail batzuk euskaraz ikusteko: Amazon Prime Videon 52 lan daude euskarara bikoiztuta; Netflixen, beste 32. Bi plataforma horietan, gainera, lan ugari ikus daitezke euskarazko azpidatziekin: Amazon Prime Videon, 124; eta Netflixen, 178. Are osatuagoa da Filmin plataformak euskaraz duen eskaintza: 97 lanek dute euskarazko audioa, eta 162 pelikula edo dokumental daude euskarazko azpidatziekin ikusteko moduan. Prime Videon euskarara bikoiztuta estreinatu duten azken pelikulen artean, Todd Haynes zinemagilearen May December dago (euskarazko azpidatziekin ere ikus daiteke). Netflixek, bestalde, duela gutxi estreinatu du Beverly Hills Cop. Axel F filma, eta hori ere euskaraz bikoiztuta ikus daiteke plataforma horretan.

'May December' filma.
May December filma euskarara bikoiztuta zein azpidatzita ikus daiteke Amazon Prime Video plataforman. ZINEMALDIA

Edukiak euskaraz zein plataformatan ikus daitezkeen zorrotz zehaztua eta sailkatua dago Zernonikusi.eus atarian. Bertan jasoak daude Primeran eta Makusi doako plataformetako edukiak ere. 230 lan baino gehiago ikus daitezke euskaraz haurrentzako Makusi plataforman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.