Primeran 'Dragoi Bola Z' sareratzen hasiko da gaur

Japonian 1989. urtean hasi ziren saioa ematen. 291 atal ditu.

'Dragoi Bola Z' marrazki bizidunetako saioa. BERRIA
'Dragoi Bola Z' marrazki bizidunetako saioa. BERRIA
urtzi urkizu
2025eko apirilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Joan dira Son Goku mutiko txikia zeneko garaiak. Orain Chichirekin ezkonduta dago, seme bat dauka, eta gazte prestua da. Dragoi Bola telebistarako moldaketaren zatien artean, bigarrena da Dragoi Bola Z. EITB taldearen Primeran doako plataforman gaur hasiko dira Dragoi Bola Z-ren atalak katalogoan jartzen; aurreko hilabeteetan, aurreneko Dragoi Bola-ren atalak jarri zituzten —gehien ikusten diren saioen artean hirugarrena da plataforman—.

1989ko apirilaren 26an hasi zen Japoniako Fuji TV telebista katea Dragoi Bola Z ematen. 291 atal ditu telebistarako, eta, atal horiez gain, beste hamahiru film eta bi atal berezi egin zituzten. Jatorrizko mangan ez dauden istorioak agertzen dira.

Satan Txikiren aurkako azken borrokaz geroztik eta bakezko bost urteren ondoren, Raditz espazioko gerlaria Lurrera iritsiko da. Raditzek Gokuren seme Son Gohan bahituko du. Semea askatzeko, Son Goku Satan Txikirekin elkartuko da, eta Raditz menperatzen saiatuko dira.

'Dragoi Bola Z' marrazki bizidunetako saioa.
'Dragoi Bola Z' marrazki bizidunetako saioa.

Atal sorta ugari garatuko dira Dragoi Bola Z-ren istorioetan: Saiyak, Freezerren saila, Garlic Gazteren itzulera, Ziborren saga, Cellen saga, Beste Munduko Txapelketa eta Boo Ahaltsuaren saila.

ETB1ek euskarara bikoiztuta eman zuen Dragoi Bola Z 1990eko hamarkadan. Xabier Amurizak gidatuta, Edertrack estudioan egin zituzten bikoizketak. Joseba Etxebarriak jarri zion ahotsa Son Gokuri, eta Seve Atenciak, Son Gohani. Miel Apaolaza arduratu zen Satan Txikiri ahotsa jartzeaz, eta Mikel Martinezen ahotsa zen Krilinena. Felix Arkarazok jarri zion ahotsa Vegetari, eta Joxe Felipe Auzmendik, berriz, Freezer pertsonaiari. Narratzailea Jesus Eguzkitza zen.

Dragoi Bola Z-ren hamahiru filmetatik bederatzi euskarara bikoiztu zituzten.

'Dragoi Bola Z' marrazki bizidunetako saioa.
'Dragoi Bola Z' marrazki bizidunetako saioa. BERRIA

Urtarriletik hona, lehen etapako Dragoi Bola-ren 153 atal jarri dituzte Makusi eta Primeran plataformetan. Azkeneko hilabeteetan, Dragoi Bola Super saioaren atalak euskarara bikoizten aritu dira —oraindik ezin dira ikusi ETBn—. Eta etapa horretako atalak —2015ean hasi ziren Japonian ematen— irailetik aurrera estreinatuko dituzte Primeran eta Makusi plataformetan.

Frantzisko aita santua

Primeran plataforman euskarazko audioarekin eta azpidatziekin jarri dute In Viaggio, Frantzisko aita santuarekin bidaiatzen dokumentala (2022). Astelehen goizean hil zen aita santua, eta telebista kateak emanaldi bereziak egiten ari dira egunotan. Primeran-en ikus daitekeen dokumental horretan, aita santuak 53 herrialdetan egindako bidaien berri ematen da. Gianfranco Rosi dokumentaleko zuzendariak hainbat bidaia egingo ditu aita santuaren ondoan, hark ikusten duena ikusiz eta esaten dituenak entzunez. Dokumentalak 79 minutuko iraupena du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.