Frantzian eta Europako beste telebista kate batzuetan goizago emititzen dituzte saio nagusiak, baina Espainiako kateetan eta ETB2n gero eta beranduago hasten da prime time ordutegia. Acces prime time deitzen zaio kateek gaueko saio nagusien aurretik eskaintzen duten programazioari, eta, orain, programa horiek 23:00etan edo minutu batzuk lehenago amaitzen dira Tele5, Antena3, La1, La Sexta eta ETB2 kateetan. Aurreko denboraldietan, ETB2ko prime time-a 22:30ean hasten zen, Teleberri amaitu ostean. Baina aurten RH+ saioa abiarazi du ETBko gaztelaniazko kateak: astelehenetik ostegunera ematen dute, 22:15etik 22:50era. Bistan denez, ETB2 Espainiako kate horiekin lehiatzen ari da.
ETB1eko gaueko ordutegia bestelakoa izango da denboraldi honetan, kate horiekin alderatuz. Mihiluze lehiaketak hilaren 30ean hasiko du denboraldia. Saio horren tartea har daiteke ETB1eko acces prime time gisa, eta hori 22:30erako amaitua izango da. Horrenbestez, ETB1en prime time-ko saioak 22:30ean hasiko dira, eta ez 23:00etan, ETB2n eta Espainiako kateetan bezala. Euskarazko katearen formatua ere desberdina da oso beste kate horien eskaintzarekin alderatuta: Mihiluze lehiaketa hezigarri bat da, eta adin guztietako ikusleentzat aproposa. Denboraldi honetan, sakelako aplikazioarekin parte hartzen duten ikus-entzuleek aukera izango dute lehiaketaren marka duten hainbat produktu irabazteko; aplikazioa berritu egingo dute, gainera. Mihiluze iritsi bitartean, ETB1 katean Gora bihotzak saioak betetzen du 21:30etik 22:30erako tartea; urritik aurrera, programa hori astean behin emango dute: ostegunetan, 22:30ean.
Hamaika telebistan, gehienetan 22:00etan hasten dituzte prime time ordutegiko saioak. Tokikoetan ere ez dituzte 23:00etarako uzten saio nagusiak.
Kosk La1ko albistegiari
Denboraldiaren hasieran, Espainiako kate nagusien eskaintzan hainbat mugimendu egiten ari dira acces prime time ordutegian: deigarria da, esate baterako, La1 kate publikoko gaueko albistegiari hogei minutu kendu dizkiotela, David Broncanoren La Revuelta 21:40an hasten baita. Astelehenean estreinatu zuten programa hori; gonbidatua Aitor Frantzesena Gallo Zarauzko surflaria (Gipuzkoa) izan zen. Euskal Autonomia Erkidegoan, La1ko saio berria Antena3eko El hormiguero-ri gailendu zitzaion: Broncanoren programak %20,9ko ikusle kuota izan zuen, eta Pablo Motosenak, %18,6koa. Espainian, ordea, Antena3eko saioa izan zen liderra.
Datu eskasagoak lortu ditu orain arte Tele5 kateko acces prime time-ko apustu berriak: Carlos Latreren Babylon Show-k. Tele5 pazientzia gutxi izaten ari da, gainera, eta ostegunetan eta ostiraletan programa kentzea erabaki du. Hori gutxi balitz bezala, beste egunetan saio laburragoa egiten hasi dira, Gran Hermano goizago emateko. Iazko denboraldian, Tele5k ez zuen asmatu ordutegi horretako saioekin, eta Antena3eko El hormiguero-k askoz datu hobeak lortu zituen.
La Sexta katean, El intermedio saioa ematen dute ordutegi horretan 2006. urtetik. Garai batean, EAEn oso ikusle datu onak lortzen zituen, baina azkenaldian beherantz egin du nabarmen. Atresmedia taldekoak dira El hormiguero eta El intermedio, baina eskuineko ideologiarantz jotzen du lehenak, eta ezkerrerantz bigarrenak.