Prentsa askatasunaren aldeko lana aitortu diote Maria Ressa kazetariari

Egunkarien Munduko Elkarteak elkartasuna adierazi dio Filipinetako 'Rappler' atariaren sortzaileari

Filipinetako Maria Ressa kazetaria, Prentsa Askatasunaren Urrezko Luma saria jasotzen. BERRIA.
urtzi urkizu
2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
WAN-IFRA Egunkarien eta Albiste Editoreen Munduko Elkarteak 70. biltzarra egin du asteon Cascais hirian (Portugal). Egunkarietako ordezkariek arreta berezia jarri dute «desinformazioaren» aurkako lanean eta «albiste faltsuen» zabalpenean. Prentsa Askatasunaren Urrezko Luma saria, berriz, Filipinetako Maria Ressa kazetariari eman diote, mundu osoko 700 egunkaritako editoreren aurrean. «Hedabide aitzindari bat da, eta benetan sinisten du kazetaritza ogibideak duen boterean», esan du Dave Callawayk, Editoreen Munduko Foroko presidenteak. «Elkartasuna adierazi nahi diogu Ressari, jasan dituen erasoengatik eta gorrotozko kanpainengatik», gaineratu du.

Ressak 30 urteko kazetaritza ibilbidea egin du Asian. CNNko Manilako eta Yakartako arduraduna izan zen urte luzez, eta Asiako Hego Ekialdeko terrorismoari buruzko ikerketa lanak egin zituen. 2012an, Rappler hedabide digitala sortu zuen. Egunkarien elkarteaksalatu du Ressaren hedabideak eraso ugari jaso dituela 2016an Rodrigo Duterte Filipinetako Gobernuko presidente izendatu zutenetik. Aurten, urtarrilaren 11n, Filipinetako MerkatuArgitaratzeko baimena kendu zion batzordeak. Kazetari elkarteek adierazpen askatasunaren aurkako erasotzat jo zuten. Azkeneko hilabeteetan, Ressak Interneten mehatxu eta iseka ugari jaso ditu, bere atariak gobernuaren erabakiekin kritikoak diren artikuluak argitaratu dituelako—iazko martxoan heriotza zigorra itzuli zen Filipinetara—. Egun, Rappler-eko zuzendari eragilea eta editorea da Ressa.

Filipinetako kazetariak prentsa librearen aldeko defentsa egin du, saria jaso berritan: «Ez dakizu benetan nor zaren, hori defendatzeko borrokatzera behartzen zaituzten arte». Halaber, Rappler hedabideko lankideen adorea goraipatu du: «Gure xedea da hamar urte barru atzera egiten dugunean ikustea ahalegin guztiak egin genituela: ez ginela makurtu, ez ginela ezkutatu». Kazetariak salatu du psikologikoki erasotzen saiatzen ari direla sare sozialetan mehatxu eginda.

Unescoren liburu bat

Egunkarien elkarteko biltzarrean, Unescok iragarri du albiste faltsuen eta desinformazioaren inguruko liburu bat argitaratuko duela hilaren amaieran. Munduko kazetaritza elkarte eta erakunde ugaritako adituek parte hartu dute liburuan. Unescok nabarmendu du kazetariak eta herritarrak ahalduntzeko tresna bat izango dela. Guy Berger Unescoko adierazpen askatasunerako zuzendariak hala esan du: «Kazetariek iaiotasun berriak behar dituzte arazo berriei aurre egiteko. Desinformazioa puri-purian dago, eta gida bat oso erabilgarria izan daiteke».

Egunkarien elkarteko biltzarra atzo amaitu zen; Michael Golden WAN-IFRAko presidenteak barkamena eskatu zuen bere hitzartzean, osteguneko galako afarian hizlarietako batek iruzkin sexistak egin zituelako. Hizlariak alderatu egin zituen hedabideak eta bularrak, eta faltsuak erakargarriagoak direla esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.