Seriesland-Bilbao International Digital Festival jaialdiaren hamargarren aldiaren sariak banatu dituzte, eta showrunner onenaren saria Alemaniako Kersten Polte, Greta Benkelmann eta Lion H. Lau sortzaileei eman diete, Becoming Charlie websailean egindako lanagatik. Nortasun ez-binarioen aurkikuntzaren inguruko istorio bat kontatzen du serieak, 15 minutuko sei ataletan.
Euskal Serierik Onenaren Laboral Kutxa Saria izenekoa Alex Urdialesi eman diote, Explorando el Norte dokumental sortagatik. Alemaniako Die Serieale jaialdiaren Sail Ofizialean parte hartzeko txartela lortu du hala. Nazioarteko beste lau jaialditan lehiatuko da, gainera.
Pilotu Onenaren Saria eman dute aurten lehen aldiz, eta kategoria horretan saritua Australiako Eva Justine Torkolla izan da, Lady Priest websailari esker.
Telesail luzerik onenaren saria Mariano Minestrelli argentinarrak jaso du, El Método lanarekin. Telesail laburrik onenaren saria, berriz, Kanadako Ravi Steve Khajuriaren I Will Bury You-rentzat izan da. Gidoirik onenaren saria Jim Wrighti eman diote, Monologue websailagatik. Antzezlerik onena Kazkahstango Sabina Seksenbaeva izendatu dute; eta antzezle talderik onena, Galiziako Pulp Air websaileko taldea. Xpress Laboral Kutxa lehiaketaren irabazlea, berriz, Patricia Uria izan da. Beste dozena bat sari ere eman dituzte Bilboko jaialdian.