Polizia infiltratuak Herrialde Katalanetako herri mugimenduetan

3Cat kateak 'Infiltrats' erreportajea estreinatu du. 'La Directa' hedabideak ikertu zuen lau polizia infiltratu nola murgildu ziren herri mugimenduetan; militanteekin harreman sentimentalak izan zituzten.

'Infiltrats' erreportajearen irudi bat. LA DIRECTA
'Infiltrats' erreportajearen irudi bat. LA DIRECTA
urtzi urkizu
2025eko urtarrilaren 13a
14:00
Entzun

Herrialde Katalanetako herri mugimenduetako militante batek telefonoa hartu eta bideo dei bat egin du. Telefonoaren beste aldean, denbora luzez haren bikotekidea izan zena dago: Maria Perellotzat zeukatena Maria Isern Torres da, Espainiako Poliziaren agente infiltratu bat. «Harrapatu zaitugu», esaten dio militanteak. La Directa-ren kamera bat grabatzen ari da, eta poliziak aitortzen du Espainiako hiri batzuetan ere badirela polizia infiltratuak. Agurraren ostean, militanteak «zer eroa izan den dena» dio, barrutik hautsita. La Directa hedabide katalanak hiru urteko ikerketa bat egin zuen Herrialde Katalanetako herri mugimenduetan infiltratu ziren lau poliziaren inguruan. Ikus-entzunezko erreportaje bat egin du 3Cat telebista katalanak, La Directa-rekin eta Polar Star Films ekoiztetxearekin elkarlanean: Infiltrats. TV3 kateak atzo estreinatu zuen lana, prime time ordutegian. Ikusgai dago 3Cat doako plataforman.

2019ko udazkenean, Katalunian mobilizazio oso jendetsuak izan ziren hango prozesuaren sententziaren aurka. Testuinguru horretan, 2020ko lehen hilabeteetan Espainiako Poliziaren lau agente —Avilako Poliziaren 33. Promoziokoak laurak— Herrialde Katalanetako herri mugimenduetan infiltratu ziren: haietako bi, Bartzelonan; beste bat, Gironan, eta laugarrena, Valentzian. Katalanez ondo dakite guztiek. Espainiako Poliziaren zerbitzu sekretuen Informazio Komisaria Orokorraren aginduetara ari dira. Haien funtzioak hauek dira: «Informazioa jasotzea, hartzea eta tratatzea, segurtasun eta ordena publikoaren mesedetan».

Infiltratutako lau polizietatik hiru unibertsitatean ikasten ari dira, eta beste ikasle batzuen bitartez joaten dira herri mugimenduetan murgiltzen. Baita ezkerreko mugimendu independentistetan ere. Nortasun faltsua dutela, militante batzuekin sexu harremanak izaten dituzte. Baita harreman sentimentalak ere. Infiltrats erreportajean, satorren bikotekide izandako batzuen lekukotzak jasotzen dira. Haietako batek —emakumea— dio «bortxatua» sentitu dela, eta orduz geroztik ez dela manifestazio batera joan. Ez dela herri mugimenduen biltzar batera joan dio, beldurrez —argia itzalita dela eman du lekukotza—.

Pau Perez psikiatrak torturen eta tratu txarren biktimak artatzeko Sira zentroan egiten du lan. «Poliziek askotariko estrategiak erabiltzen dituzte, muga guztiak hautsiz», dio. Halako infiltrazioek dituzten eragin psikologikoak aztertzen aritu da, eta haren ondorioa argia da: «Tratu txarrak eta torturak jasan dituzte biktimek, informazioarekin loturikoak». Batez ere polizia horiekin harreman sexualak eta sentimentalak izan dituzten herritarren inguruan ari dira. Baina Espainiako legeek ez dituzte biktimatzat aitortzen. Erreportajean, abokatu batek nabarmentzen du infiltrazioen auzia legez «linbo» batean dagoela. «Ez dago araudirik».

'Infiltrats' 3Cat eta 'La Directa'-ren erreportajea
'Infiltrats', 3Cat telebistak eta 'La Directa' hedabideak egindako erreportajea. LA DIRECTA

Erreportajean, Poliziaren Jupol sindikatuko bozeramaile bat elkarrizketatu dute. Azaltzen duenez, polizia infiltratu horiek eguneko 24 ordu horietan bizi dira nortasun faltsu horren pean. Erreportajean parte hartzeari uko egin diote Espainiako Barne Ministerioak, Espainiako Poliziaren zuzendaritza nagusiak eta beste erakunde polizial batzuek.

Erresuma Batuan, 1968tik aurrera, dozenaka polizia infiltratu ziren ezkerreko herri mugimenduetan, eta haietako batekin harremanetan izan zen biktima baten lekukotza ageri da Infiltrats lanean. Herrialde Katalanetako herri mugimenduen beste militante batzuekin elkartu da, masia batean, infiltrazioaren gaia jorratzeko. Erresuma Batuan polizia infiltratuen gaia auzitara iritsi zen, eta Scotland Yardek barkamen publikoa eskatu zien biktimei.

Ikusle datu oso onak

Nahiz eta igande iluntzean Bartzelonak eta Real Madrilek Espainiako Superkopako finala jokatu zuten, Infiltrats erreportajeak —30 minuts saioaren barnean— %13,9ko ikusle kuota lortu zuen Katalunian. La Directa-ko iturrien arabera, 280.000 herritarrek ikusi zuten lana atzo gauean, eta ikusleen iritziak «oso onak» izaten ari dira. 556.000 herritarrek ikusi zuten momenturen batean erreportajea.

Gemma Garcia Fabrega eta Sonia Calvo Carrio dira Infiltrats lanaren zuzendariak. Kazetaritza ikerketa lanean parte hartu dute Garcia Fabregak berak, Jesus Rodriguezek, Ester Fayosek, Irene Molinak, David Bouk eta Marc Iglesias Colomerrek.

Filmaren amaierako kredituetan, zera irakur daiteke: «Madrilen, azkeneko urteetan herri mugimenduetan murgildu diren bost polizia infiltraturen jarduna azaleratu da. Polizia horietako batek 62 urte zituen, eta bi hamarkada zeramatzan infiltratuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.