Bat-bateko umorearen bidetik ekin zioten iazko martxoan Polaina podcastari Maialen Sorzabalbere, Amaia Rojo eta Mikel Irazusta aktore eta sortzaileek. Umore absurdoari helduta zenbaitetan, eta umore beltzagoa eginez beste batzuetan, lehen bi denboraldiak osatu zituzten. Orain, berriz, hirugarren denboraldiarekin batera, fikziozko websail bat sortu dute: Zertako!. Atzo estreinatu zuten lehen atala, eta Polaina-ren Youtubeko kanalean dago ikusgai.
Tabakalerako 2deo ikus-entzunezko laborategiarekin egindako elkarlana da websaila, Sorzabalberek azaldu duenez. «Astero hiru atal zabalduko ditugu, eta atal bakoitza 3 eta 5 minutu artekoa da». Baina atal horietan ez dira Sorzabalbere, Rojo eta Irazustasoilik azalduko. Garrantzizko rolak jokatuko dituzte Nerea Arriolak —Belarri bero, bai esan? websailean parte hartu du berriki—, Arrate Hernandezek eta Iñigo Serrullak. Ekain Arrieta ari da zuzendari lanetan. Eta Ander Edok eta Saioa Peronak laguntzen diete kamerari lanetan.
AEBetako The Office telesaila hartu dute erreferente gisa, eta, modu horretan, Polaina podcastaren atzean gertatzen direnak kontatu dituzte, «umore absurdoarekin».
Polaina podcastaren atal berriak igandetan zabalduko dituzte. Eta podcast horren sare sozialetako kontuetan —Youtuben, Twitterren eta Instagramen— Zertako! websailaren atalak estreinatuz joango dira.
«Bulegoko tirabirak»
Orain dela gutxi arte ikusi diren euskarazko beste websail batzuen aldean, desberdina da Zertako!. Umore bereziz kontatzen ditu «bulegoko tirabirak». Sorzabalberek iragarri duenez, Polaina podcastaren beste aldean ezkutatzen den errealitatea da websailaren eszenatokia. Podcasteko esatariek ez ezik, beste zenbait langilek ere egiten dute lan bulegoan: Arantxa komunikazio arduradunak (Arrate Hernandez) eta Mattin gidoilariak —«nahiz eta podcastean dena inprobisatu egiten den»—. Izaro pertsonaiari dagokionez —Nerea Arriolak jokatzen du haren rola—, bulegoko nagusitzat dauka bere burua, nahiz hala ez izan. Kontua da haren lehengusu batek jartzen duela dirua egitasmoa aurrera ateratzeko.
Bitxia da, baina berriki estreinatu dute laneko tirabirak ardatz dituen beste umorezko websail bat: Bekaduna. UEUren 50. urteurrena ospatzeko sortu dute fikziozko websail hori, eta UEUko langileak aktore ari dira hartan. Bekadun faltsuaren rola, bestalde, Polaina podcasteko esatarietako batek jokatzen du: Mikel Irazustak. Bekaduna-ren lehen atala maiatzaren 3an estreinatu zuten —UEUren Youtubeko kanalean ikus daiteke—, eta hurrengo atalak bi astean behin zabalduko dituzte.
Irazusta, Rojo eta Sorzabalbere oholtza gaineko emanaldiak egiten ere aritzen dira, Barrexerka taldearekin.
'Polaina' podcasteko aktoreek 'Zertako!' websaila sortu dute
Podcastaren atzean gertatzen dena kontatuko dute, umorez. Atalak 3 eta 5 minutu artekoak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu