Podcastek duten arrakasta ikusita, proiektu berri bat aurkeztu du Gaztedi Durangaldeak: PodGazt. «Gazteentzat bereziki garrantzitsuak izan daitezkeen gaiak» jorratuko dituzte: osasuna, kirola, emantzipazioa, enplegua, sexua... Jon Gomez Garai izango da aurkezlea, eta Durangaldeko (Bizkaia) erreferentziazko pertsona ezagunak gonbidatuko dituzte.
Elkarrizketatuen artean daude, besteak beste, Oihana Azkorbebeitia mendi korrikalaria, Irene Ogiza Athletic futbol taldeko jokalaria, Elene Barrutia eta Lucia Meruelo Barratik kalera Instagram kontuko kideak, Unai Iturriaga bertsolari eta marrazkilaria, eta Nahia Rojo eta Ander Prol sexologoak.
Hamasei solasaldi egin dituzte orotara, eta pertsona horiek gazteak motibatzea nahi dute. Horretarako, beren istorioak kontatuko dituzte, aholkuak eman eta eztabaida sustatu. Joan den igandetik aurrera, astero saio bat plazaratuko dute 20:00etan Spotifyn, Instagramen eta Youtuben, abendura arte.
Gaztedi Durangaldea egitasmokoek abiatu dute proiektua, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Zornotzako Udalarekin, Ermukoarekin, Mallabikoarekin eta Durangaldeko Mankomunitateko udalekin batera. Anboto komunikabideak ere lagundu du. 16 eta 29 urte bitarteko gazteen «garapen integrala» sustatu nahi dute eskualdean, eta, horretarako, gazte politika integralak jarri nahi dituzte martxan.
Proiektu gehiago
PodGazt podcastaz gainera, I’m Bizi 2024 eta Gaztekimen proiektuak ere proposatu dituzte. Lehena azoka bat izango da, eta DBH 4. mailako gazteak etorkizun akademikoan eta profesionalean orientatzea du asmo. Toki berean batuko dituzte pertsonen talentua eta eskualdeko sare sozioekonomikoa. Autoezagutza ariketak, hausnarketak, jokoak eta mahai inguruak izango dira ekitaldian.
Gaztekimen proiektuan, berriz, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasle gazteek beren komunitatea hobetzeko parte hartuko dute. Lankidetza, erantzukizun zibikoa eta gazteen ahalduntzea sustatu nahi dituzte.
Gazteei aukera emango diete eskualdeko erronkei irtenbideak topatzeko, eta horiek martxan jartzeko. Kontuan hartu beharko dituzte bideragarritasuna, gizarte eragina eta baliabideak. Abenduan egingo duten ekitaldian sarituko dituzte proposamen onenak.
Hauek ere parte hartuko dute: Ermua-Mallabiko Oinarrizko Lanbide Heziketako udal institutuko ikasleek, Durangoko Oinarrizko Lanbide Heziketako udal institutuko ikasleek eta Durangoko Maristak ikastetxeko ikasleek; 2. mailakoak dira guztiak.