Gazteek gazteentzat egindako eztabaida saioak eraberrituta ekingo dio hirugarren denboraldiari. Ane Zuazubiskarrek jarraituko du aurkezle lanetan, baina platoan eta sareetan aldaketak izango ditu saioak. Bestalde, sei programa izango ditu denboraldi berriak ere, eta, hartan, hiru gaztek aktualitateko zenbait gai jorratuko dituzte. Julen Portillok, Leo Bueriberik eta Antton Telleriak kolaboratzaile lanetan jarraituko dute, eta Sandra Egiluz ere haiekin batera izango da. Gaurtik aurrera eta seigarren atala eman arte, hamabostean behin izango du ikusleak saio berri bat ikusteko aukera, Gaztea irratiaren Youtubeko kanalean.
Platoa aldaketa izango da saioaren berrikuntzarik nabarmenena. Zuazubiskarrek gidatu zituen lehen bi denboraldiak, eta hirugarrenean ere hura izango da aurkezlea. Orain arteko «zulorik zuloenean» arituko direla nabarmendu du. «Lehenengo urtean neurri hori harrapatu nahi genion. Platoa asko gustatzen zitzaigun, baina aurten lortu dugun zulo puntu hori falta zitzaion. Orain benetan dirudi gazteen lokal bat. Itxurarekin oso pozik gaude, lokal batean lasai hitz egiteko gune baten ukitua eman baitiogu».
Beste berritasuna sareetan izango da. Hirukoa atala sortu dute saioan lantzen den gaiari lotutako hiru kultur proposamen egiteko: liburuak, filmak, podcastak... Sareetan dabilenak materiala eskura izan dezan gai horretan sakondu nahi badu. Sandra Egiluzek izango du tarte horren ardura, eta, Zuazubiskarren esanetan, beharrezkoa da ikusleari horrelako aukerak ematea: «Pentsaezina da 2023an norbaitek programa osoa ikustea, eta hori bakarrik. Saioa ikusten duten guztiek ez dute Youtuben ikusten. Konturatu gara jende askok sare sozialetan kontsumitzen duela gure edukia, eta Sandraren [Egiluz] gomendioekin osatu nahi izan dugu».
Gazteentzako gaiak
Telebista tradizionaletik urrun sortu zen Zulora, 2021ean, eta hirugarren denboraldia egin dute jada. Gaur egun ez da erraza denboraldiak bata bestearen atzetik kateatzea, eta Zuazubiskarrek aitortu du hirugarren denboraldia egin ahal izatea «opari bat» izan dela. Gutxien ikusi den saioak 2.300 ikustalditik gora ditu Youtuben, eta gehien ikusi denak, berriz, 10.240tik gora. «Hutsune bat betetzeko» sortu zen saioa, Zuazubiskarren esanetan, eta funtzionatu duela uste du: «Gazte askok ikusi du interesatzen zaizkion gaiak jorratzen direla, interesatzen zaien tonuan eta euskaraz».
Gaurko saioan, sakelako telefonotik eta sareetatik deskonektatzea izango dute hizpide Iruñe Astizek, Jon Abaituak eta Telmo Lazkanok. Bigarren saioa urriaren 11n zabalduko da, eta, hartan, bikotezentrismoa landuko dute, baita bikotekidea izateak gaur egungo gizartean duen esanahia ere. Horretarako, Iholdi Beristain, Unai Ribera eta Luix Mitxelena hartuko dituzte platoan.
Plato berriarekin abiatuko dute 'Zulora' saioaren hirugarren sasoia
Gaur hasiko da denboraldi berria, eta Gaztearen Youtubeko kanalean egongo da ikusgai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu