Glaziarrak Babesteko Nazioarteko Urtea izango da 2025a, eta, hori aitzakiatzat hartuta, Begira Produkzioak ekoiztetxeak lau ataleko dokumental saioa egin du Primeran plataformarentzat: Glaziarrak agurtzen. Gaur estreinatu dituzte dokumental sortako atal guztiak. Pirinioetako lau menditako glaziarrak ezagutu ahalko dira: Infiernos, Vignemale, Aneto eta Monte Perdido.
Ikus-entzuleak glaziarren desagertzeaz ohartarazi nahi du programak. Izan ere, Begira-ko ekoizleek nabarmendu dute mendiko glaziarrek «berebiziko garrantzia» dutela paisaian eta planetaren orekan: «Larrialdi klimatikoaren eraginez, desagertzeko arriskuan daude».
Eñaut Izagirre Estibaritz glaziologoak egiten ditu aurkezle lanak dokumental saioan. Urteak daramatza glaziarrak ikertzen, eta bera izango da aditu eta gidari Pirinioetan barna egindako abenturan. «Saioak erakutsi nahi du Pirinioetan dauden elementu ikoniko batzuen azken urteak nolakoak izan diren, eta nola dauden. «Etorkizunari begira, glaziarrei zer gertatuko zaien ere jaso dugu», azaldu du Izagirrek.
Zeharkaldi bakoitzean, lagun bereziak izango ditu Izagirrek: Pico del Infiernora bidaian, Elgoibarko (Gipuzkoa) emakume mendizale taldeko lagunak joango dira glaziologoarekin batera; Anetora, Arnaitz Fernandez ETBko Eguraldia-ren aurkezleetako bat joango da — ETB1eko eta ETB2ko Eguraldia tartean, gainera, erreportaje laburrak aurkeztuko ditu Fernandezek glaziarren inguruan—; Monte Perdidoko gailurrera bidean, Asier Hilario geologoa joango da; eta Vignemalera, Ossoueko glaziarra bisitatzera, Oihana Azkorbebeitia mendi lasterkaria izango du bidaialagun Izagirrek. Atal horretan, era berean, duela ehun urteko glaziologoek nola lan egiten zuten azalduko du aurkezleak.
Monte Perdidoko atala berezia izango da, bertan Aralarrera joango baitira Asier Hilario geologoarekin. Han azalduko du geologoak zenbateraino diren antzekoak Perdido eta Aralar, eta baita non egon zen Arritzagako glaziarra ere. Gainera, teknologia birtualari esker, hiru dimentsiotan eta hatz puntekin ukituko balira legez ikusiko da Aralarko azken glaziarra.
Saioko aurkezlearen arabera, glaziar bakoitzak osagai bati egingo dio erreferentzia: sua, lurra, ura eta haizea. «Saioan, saiatu gara glaziar bakoitza elementu bakoitza batekin lotzen, etan horrekin batera, ekintza bat egiten».

Ikerlarien arabera, egoera iraultzen ez bada, 2050. urterako ez da glaziarrik geratuko Pirinioetan. Dokumental saio berrian, glaziarrei ez ezik, larrialdi klimatikoari ere erreparatuko diete.
Ikus-entzuleek Pirinioetako glaziarrik eta bazterrik ederrenetako batzuk bisitatuko dituzte, orain arte sekula ikusi gabeko ikuspuntu batetik. Izan ere, punta-puntako teknologia eta errealitatea areagotua baliatuz, xehetasun handiz aztertuko dituzte Pirinioetako txoko batzuk. «Esperientzia sekulakoa izan da niretzat. Zientzia euskaraz publiko zabalarentzat komunikatzeko aukera ona izan dela iruditu zait», azaldu du Izagirrek.
Aurkezleak oinarrizko azalpenen kanpaleku bat izango du. Bertan, hiru dimentsiotan erakutsiko du Pirinioetako azken glaziarrei buruz jakin beharreko guztia. EITBLab laborategitik bideratu dute hori. «Errealitate birtualarekin egindako kanpaleku bat da. Zientifikoagoak diren azalpenak modu ikusgarriagoan eta ulerterrazagoan ematen saiatzen gara modu horretan. Xabi Izagirre aritu da horretan lanean», aipatu du saioaren aurkezleak. «Holograma moduko batzuk izango dira ikusgai saioan».
Dokumental saioaren estreinaldia garai berezian iritsi da; izan ere, Nazio Batuek Glaziarren Nazioarteko Eguna izendatu dute martxoaren 21a.