'Pilula gorria' hilaren 9an itzuliko da Twitchera, aurkezle berriekin

Bigarren denboraldian elkarrizketa bat, erronkak eta zapping birala izango dituzte bi astean behin

Amalia Ibargutxik eta Garazi Rezabalek aurkeztuko dute Pilula gorria saioaren bigarren denboraldia. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Iazko azaroan, Twitch plataformarako zuzeneko saio bat sortu zuten: Pilula gorria. Atzeko lantaldean nor dauden ez dute jakinarazi orain arte, eta bere horretan jarraitzen dute. Urtebete geroago, bigarren denboraldiari ekingo diote: hilaren 9an hasiko da Pilula gorria-ren denboraldi berria. Bi astean behin emango dute Twitch bidez, 20:00etan.

Jakina dena da proiektuaren sustatzaileen artean Azkue fundazioa eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua daudela.

Eta jakinarazi dute, halaber,aurten aurkezle berriak izango dituela programak: Amalia Ibargutxi eta Garazi Rezabal. «Denboraldi hau lehenengoaren jarraipena izango da, berrikuntza batzuekin», azaldu du Rezabalek. «Gure helburua Twitch plataforman eduki mamitsuak euskaraz eskaintzea da».

Bereziki gazteentzako saioa da Pilula gorria, plataforma horretan ere nagusiki gazteak ibiltzen direla aintzat hartuta.

Elkarrizketa nagusi bat da programaren ardatza. Euskal kulturarekin lotutako pertsonak izango dira gehienetan gonbidatuak. Elkarrizketaren hasieran, hamar pilula banatuko dizkiote protagonistari: zortzi gorri eta bi urdin. Horrek esan nahi du zortzi galdera derrigorrez erantzun beharko dituela, baina bi galderekin txanda-pasa egin ahal izango du. Galdera horiek guztiak ez ditu aldez aurretik ezagutuko. «Elkarrizketatua egoera deserosoan jarriko dugu galdera arriskutsuen bitartez», iragarri du Rezabalek. «Modu horretan, gonbidatuaren beste alde bat erakutsiko dugu».

Aurkezleak azaldu duenez, txutxu-mutxuak ez dira faltako saioan. «Ikusiko dugu horiek nolakoak diren, baina aktualitatea baliatuko dugu». Bestalde, Zapin birala izeneko atala egingo dute. «Sarean topatzen ditugun bideoak komentatuko ditugu. Gainera, Twitchen daudenekin interakzioa lortu nahiko dugu». Erronkak ere proposatuko dituzte aurkezleek, Twitch kanalean zuzenean daudenen artean zabaltzeko. Hori izango da aurtengo berritasunetako bat.

Euskara hutsean Twitch plataforman sortu den lehen saioetakoa da Pilula gorria. Antolatzaileek nabarmendu dute galdera «zirikatzaileak» eta «deserosoak» izango direla saioaren funtsa. Rezabalek argi du ondo pasatu nahi dutela: «Zerbait freskoa egin nahi dugu».

Donostiakoak dira Rezabal eta Ibargutxi, eta elkarrekin aritzen dira beste saio bat aurkezten: Esku artean. Sutan Bang elkartearen eskaintzaren barne egiten dute, eta aurten Naiz irratian ere ari dira ematen. Bideo formatuan ikusteko aukera dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.