Ikusmin handia piztu zuen atzo Lau eta Erdiko Txapelketaren finalak. Bilboko Bizkaia pilotalekuan izan ziren ikusleez aparte, Euskal Herriko etxe eta taberna askotan ikusi zuten partida pilotazaleek. Etxeetan dauden audimetroak aintzat hartuta, Nafarroan %36,7ko ikusle kuota lortu zuen partidak —euskaldunen artean, %63koa—. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, %19,8ko kuota izan zuen —euskaldunen artean, %25,8koa—. Pilota partida eman zuten ordutegian, ETB1eko emankizuna izan zen liderra Hego Euskal Herrian. 236.000 herritarrek egin zuten bat zuzeneko telebista emanaldiarekin.
ETBko emankizuneko esatarien artean, bestetik, Abel Barriola hurbildu zen gehien emaitzara finaleko bere pronostikoarekin. Irabaziz gero bertso bat botatzeko erronka jarri zion Xabier Euzkitzeri, eta hark bete egin du: bertsoa kantatu du, alegia.
'Go!azen', oso indartsu
Bestelako ikusle datuei erreparatuz gero, joan den ostiralean ETB1 Go!azen-en 11. denboraldia ematen hasi zen —astebete lehenago estreinatu zuen lehen atala Makusi plataformak—. Euskal Herriko 70 herritan baino gehiagotan ere proiektatu dute lehen atal hori, UEMArekin ETBk egin duen akordioari esker. Hala eta guztiz ere, ETB1eko emankizunak oso ikusle datu onak bereganatu zituen ostiralean: %6,3ko ikusle kuota EAEn —4-14 urte arteko ikusleen artean, %37,5ekoa—. Nafarroan, bestalde, liderra izan zen euskaldunen artean: %22,1eko kuota.
ETB1ek %2ko batez besteko ikusle kuota du azaroan EAEn, orain arte.