Pilota emanaldiei esker indartzen ari da Nafar Telebista

Euskaraz marrazki bizidunak eta pilota partidak ari da ematen NTB.Albistegia estreinatu dute aste honetan.Mahai ingurua ere egiten dute

urtzi urkizu
2015eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Nafar Telebistak maiatzaren 16an hasi zituen emisioak lurreko telebista digitalean, Nafarroa osorako. Lehen unetik pilota jaialdi profesionalak aritu dira emititzen, eta horri esker, bizkor zabaldu da. «Asko lagundu digu LTDan Nafarroan pilota eskubideak guk bakarrik izateak», azaldu du Iñaki Redin Nafar Telebistako zuzendariak. Izan ere, asteburuetan hiru pilota jaialdi zuzenean ematen ditu kateak, euskaraz. Josetxo Lizartzak egiten du kontakizuna. «Askok pilotaren telebistarekin lotzen gaitu», aitortu du Redinek. Edonola ere, zuzendariak uste du asko falta zaiola proiektuari Nafarroako toki guztietara zabaltzeko eta ezagun egiteko.

Euskaraz eskaintzen du kateak, halaber, haurrentzako programazioa. Batetik, marrazki bizidunak ematen ditu egunero: Kalimero, Sherezade, Montana eta Rantaro. Eta bestetik, neska-mutikoentzako programazioaren hasieran (08:00) eta iluntzean (20:20) Ene Kantak eskaintzen ditu. «Berehala grabazioak egiten hasiko gara Ene Kantak taldearekin. Koreografia berriak sartuz joango gara», iragarri du Redinek.

Kate elebiduna da Nafar Telebista, eta gaurkotasunari lotutako saio gehienak gaztelaniaz eskaintzen ditu. Aste honetan hasi dira ematen NTBerri albistegia (14:30) eta NTB Hoy gaurkotasunari buruzko mahai ingurua (15:30). Bietan aurkezlea Susana Erroz kazetaria da. Albistegian Nafarroako albisteak ematen dituzte. «Nazioarteko eta Euskal Herriko albisteak ere ematen ditugu, Nafarroarekin lotura badute».

Asteazkenetan, politikariekin eztabaida saioa zuzentzen eta aurkezten du Redinek: Aquí hay debate (21:10). «Datorren astetik aurrera kazetariak ere izango ditugu eztabaidan».

Elkarrizketa batzuk eginak ditu jada Nafar Telebistarako Julian Iantzik. Baina ofizialki bihar hasiko du denboraldia, A solas con Julian saioan (21:10). Aurreneko gonbidatua Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarez izango da.

Astelehen gauetan Osasunari buruzko solasaldi bat eta futbola ez den beste kirolak aipatzen dituzte NTB Kirolak saioan, Mikel Navarrok aurkeztuta.

Aurki Dokuteka saioa estreinatuko du Nafar Telebistak. Nafarroarekin lotutako dokumentalak emango dituzte astero.

Bigarren katea ere laster jarriko dute martxan, Iruñerrirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.