Maite Duque gidoilariarekin batera sortu zuen Irabazi arte Julene Aranburuk (Bilbo, 1988). Gaur iritsiko da laugarren denboraldia, eta bosgarrenaren gidoiak idazten ari da dagoeneko.
Asteburu honetan Euskal Herriko 85 herritan proiektatuko dute Irabazi arte, UEMAren eta ETBren akordioari esker. Nola hartu duzue hori lantaldean?
Oso ondo, ilusio handiarekin. Gure istorioak zenbat eta gehiago zabaldu, orduan eta hobeto. Gainera, erantzun bat ikusten da hor: jendeak telesaila ikusi nahi du. Gauza ederra da herri txikietan jendea batzea telesaila ikusteko, denek elkarrekin ikustea.
Aurrestreinaldiak egin zituzten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Horiek ere jendetsuak izan ziren.
Bilboko Euskalduna jauregian izan nintzen, eta berezia izan zen. Bilbon ez da euskaraz hainbeste entzuten, eta gaztetxoak eta helduak telesaila ikustera joateak ilusioa egiten du. Herrietako eskola txikietara joan izan naiz, eta, herri txikietan zerbait berezia iristen dela ikusten dutenean, pozez hartzen dute. Komunitate moduko bat sortzen da halako estreinaldiekin. Gainera, gaztetxoak jabetzen dira telesailak eta filmak euskaraz ere ikus daitezkeela.
Laugarren denboraldiari dagokionez, nondik nora joko dute istorioek?
Ezusteko asko gertatuko dira. Hirugarren denboraldiko azkeneko atalean, Arene gurpil aulkian utzi genuen. Argituko den lehen misterioa izango da ea Arene berriro ibil daitekeen ala ez. Pertsonaiak ez ezik, telesaila bera ere hazi da. Pertsonaiak helduagoak dira, eta gertatzen zaizkien gauzak helduagoen kontuak ere badira. Gainera, iragarri dezaket pertsonaia garrantzitsu bat sartuko dela istorioan: Galder. Pertsonaia horrek bazterrak nahastuko ditu.
Makusin ikusgai egongo da gaurtik aurrera lehen atala. Beste alde batetik, Go!azen-en denboraldia gaur amaituko da ETB1en. Abantaila al da Irabazi arte-rentzat Go!azen-en erreleboa hartzea?
Bai, ostiraletako ohitura horrek laguntzen du. Beste ordutegi batean jarriz gero, okerragoa litzateke Irabazi arte-rentzat. Primeran-en ere jarriko dute, ETB1en emititu eta hurrengo egunean.

Bosgarren denboraldirako, hautaprobetan mutilen bila zabiltzate. Zer ezaugarri izan behar dituzte?
16 eta 20 urte artekoak izan behar dute. Oinarrian, ondo interpretatzen jakin behar du aktoreak. Go!azen-en kasuan, kantatzea eta dantzatzea ere eskatzen dute. Baina Irabazi arte-ren kasuan, interpretazioa besterik ez dugu eskatzen. Mutil berriak behar ditugu bosgarren denboraldirako.
Irabazi arte podcasta, komiki interaktiboa eta sare sozialak ere badira.
Telesaila galaxiaren erdia da, baina beste formatu horiek orbitatzen dabiltza inguruan, eta dena oreka batean doa.
Leire Jungitu ikerlari arabarrak Irabazi arte-ren inguruko lan bat argitaratu zuen International Visual Culture Review aldizkarian. «Estereotipoak hausteko telesail baliagarria» dela ondorioztatu zuen. Protagonistak neska futbolariak izateak badu horretan eragina?
Ikusleek nesken futbolari talde bat ikustea ez da zerbait iraultzailea. Normala da, gizartearen isla. Guk ez dugu leziorik eman nahi; entretenitu egin nahi dugu. Baina gizartea benetan zer den erakutsi nahi dugu. Ez dugu ezer asmatzen. Akaso, egia da mutilen futbolean homosexualitatea tabu handia dela oraindik, eta gai horri heldu diogu telesailean. Errealitatean ez da aurrerapen handirik ikusten gizonezkoen futbol profesionalean, hori hala da.
«Gakoa publikoa da: ikusleek eskatzen badute, ['Irabazi arte'-k] aurrera jarraituko du»
Telesailaren gidoietan euskara zuzentzaile bat badago. Grabaketetan ba al dago euskara arduradun edo zuzentzailerik?
Ez, aktore zuzendariak egiten du lan hori. Baina ez da hain beharrezkoa, zeren gidoiak zehatz-mehatz esaten dira. Ez dago inprobisaziorako tarterik.
Bosgarren denboraldiari ekin behar diozuela kontuan hartuz, zer zailtasun dituzu gidoiak idazterakoan?
Pertsonaiak aurreko berak dira, funtsean. Istorio berriak pentsatu behar ditugu gidoilariok. Baina pertsonaiak entzun behar ditugu, guretzat pertsona bezalakoak baitira. Euren ibilbidea ezagutu dugu. Zu saiatzen zarenean pertsonaiei zerbait inposatzen, pertsonaia altxatu egiten da eta ez du uzten hori egiten.
Goenkale-k egin zituen 22 denboraldi. Go!azen-ek edo Irabazi arte-k egin al ditzakete 22 urte?
Go!azen-ek urte askorako eman dezake, tartean behin aldatuz baitoaz, eta agorrezinak izan daitezke Basakabiko istorioak. Irabazi arte-n ere denborarekin pertsonaia berriak sar daitezke, eta, guraz gero, egin ditzake urte asko. Gakoa publikoa da: ikusleek eskatzen badute, aurrera jarraituko du.