Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan ikasten du Aner Ansorenak (Lekunberri, Nafarroa, 1995). Errealizazioa ikasi zuen, eta produkzioa egiten ari da orain. Lekunberri.tv Internet bidezko telebistaren sortzaileetako bat izan zen. Orduko lagunekin batera, umorezko fikzioa egiten du .
Lekunberri.tv zena Deus ez da perfektua telesaila da orain. Nola izan zen metamorfosia?
Hiru urtez Lekunberri.tv egin genuen. Metamorfosia aurreko denboraldian iritsi zen. Hasieran, telebistan bertan txertatzen ziren telesailaren aurreneko atalak. Gero, dokumental batekin eman genion amaiera Lekunberri.tv-ri. Eta telesailari ekin genionburu-belarri, kritika eginaz, fikzioarekin eta umorea sartuz.
Donostiako Doka kafe antzokian jendaurrean aurkeztu zenuten Deus ez da perfektua-ren bigarren denboraldia. Pozik?
Denetarako aukera izan zen. 130 pertsona etorri ziren aurkezpenera. Oso gustura gelditu ginen, glamour-a ere izan genuen. Hamabi minutuko atalak sareratuko ditugu, astean behin, astelehen gauetan. Oraingoz, sei egingo ditugu, baina uste dut beste sei etorriko direla.
Gazteak dira telesaileko protagonistak. Gazteei propio zuzendutako telesaila al da?
Ez bakarrik gazteentzat. Gogor samarra da erabiltzen dugun umorea, guztiekin sartzen baikara modu zuzenean. Kritika soziala egiten dugu. Esate baterako, homosexualitateari buruzko txisteekin. Pertsonaia batzuk irrigarri uzten ditugu, baina iruditzen zait hori guztia errespetu osoz egiten dugula.
Txoniekin, frikiekin eta pertsonaia xelebreekin egiten duzue barre.
Eguneroko bizitzan ikusten ditugun pertsonaiak sartzen ditugu telesailean, gehiegikeriak muturrera eramanda. Beti pertsona bat imitatzen duzunean, muturrera eramaten duzu. Hala ere, idazten ditudan gidoiak errealitateko pertsonetan oinarrituta daude. Herriko jendeak erabiltzen dituen esaldiak ere sartzen ditut. Horrek, agian, ika-mikaren bat ekar dezake, baina espero dut ezetz, kar-kar.
Zuk ere pertsonaia bat interpretatzen duzu: Iban. Aktore lanetan gustura zabiltza?
Bai, kamera baten aurrean jartzea gustatzen zait. Denetarik egitea egokitzen zait. Baina esango nuke aktoreak zuzentzea dela gogokoen dudana, aktore batzuk bikainak baitira.
Goenkale-k 21 urte egin ditu. Zuek zenbat egiteko prest?
Guk lana oso bizkor egiten dugu. Igandeetan egiten ditugu grabaketak, Lekunberrin. Gero edizio lana egin behar da. Bigarren denboraldian, gehiago zaindu dugu itxura, profesionaltasun handiagoarekin egina dago. Gustatuko litzaidake telesaila telebista konbentzionalean ere ematea. Saiatuko gara horretan.
Interneteko sare sozialen bitartez errazago iristen al zarete ikusle gazteengana?
Bai, zalantzarik gabe. Whatsapp bidez ere jende askori bidaltzen dizkiogu atalak. Twitter pixka bat jaitsi dela ematen du, baina hor jarraitzen dugu. Facebooken jartzen dugu. Bestalde, Instagram oso modan dago orain, eta, hor,making-off-aren argazkiak jartzen ditugu.
Zenbait pertsonaia euskañol-ez aritzen dira edota gaztelaniaz esaldi asko esaten. Kritikak hortik iritsiko zaizkizue?
Iritsi zaizkigu jada kritikak horregatik. Defendatzen dudana da nire herrian dudan errealitate soziolinguistikoa hori dela. Gazteok euskaraz hitz egiten dugu, baina esamolde asko erdaraz erabiliz. Interesgarria litzateke denok euskaraz hutsean egitea, bai. Guk errealitatea modu horretan islatu nahi dugu.
Zein euskal aktore ezagun fitxatuko zenuke Deus ez da perfektua-n parte hartzeko?
Aitziber Garmendia, telesaila gogoko duela esan izan digu. Nagore Aranburu ere fitxatuko nuke.
Non ikusten duzu zure etorkizuna?
Niri telebistan lan egitea gustatuko litzaidake. Gidoiak idaztea ere gogoko dut, baina norbait behar izaten dut alboan esateko: «Ei, pasa egin zara!».
Aner Ansorena. 'Deus ez da perfektua' telesaileko zuzendaria
«Pertsonaia batzuk irrigarri uzten ditugu, baina errespetu osoz»
'Deus ez da perfektua' telesaileko bigarren denboraldiko aurreneko atala atzo gauean eskegi zuten ; 'Deusezdaperfektua.com' atarian ikus daitezke atalak. Sare sozialetan «bizi-bizi» dabiltzala dio Ansorenak.
![JON URBE / ARGAZKI PRESS. JON URBE / ARGAZKI PRESS.](https://www.berria.eus/uploads/s1/40/77/90/p036-f01.jpeg)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu